2015ean argitara eman ditugun argitalpenetatik bost nabarmendu nahi ditugu. Guztiak ere Durangaldeko izaera eta historia ezagutzeko interesgarriak dira. Eskualdeko ohiko saltokietan ezezik, Gerediaga Elkartearen bulegoetan ere eskuratu daitezke.

liburuak

Durangoko Azoka 1965-2015
Elkarteak antolatzen duen ekitaldietan ohiartzun handiena Durangoko Azokak hartzen du. Mende erdia bete duen honetan, hiru unibertso biltzen ditu liburuak: Joseba Sarrionandiaren saiakera, Jesus Mari Arruabarrenak testigantzetan oinarrituz egin duen historiaren kontakizuna eta Txelu Angoitiaren argazkiak. Liburua elebiduna da.

Hamabi harrien ahotsa
Gerediaga Elkartearen sorrera eta bilakaera 190 orritan bildu dituzte Jon Irazabal eta Raquel Calvo egileek. Elkartearen historian protagonista izan diren pertsonen lekukotzak jaso dituzte, orain arte argitara eman ez diren argazkiekin batera. Liburua elebiduna da.

Astola aldizkaria
Urteroko hitzorduari hutsik egin barik, Astola Ikerketa eta Historia aldizkariaren zenbaki berrian Durangaldea hobeto ezagutzeko erreportajeak kaleratu dira 160 orritako argitalpenean. Bildumako bederatzigarren zenbakian zortzi ikerketa berri plazaratu dira.

Durangaldeko kartografiaren katalogoa
Ramon Oleagaren bilduma pertsonalean oinarrituta, Gerediagak 20 mapez osatutako katalogoa argitaratu du Durangoko Arte eta Historia Museoarekin batera. Historian zehar, XVI. Mendetik hasita, Durangaldeak kartografian izan duen lekua ezagutzeko ezinbesteko argitalpena da.

Egutegia 2016
Ricardo Doliwaren argazkiez osotutako egutegia argitaratu dugu urte berrirako. Doliwak 1940 eta 1950 hamarkadetan eskualdeko herritarren egunerokotasuna islatu zuen bere argazkietan. Erretratu ederrak dira, zuri-beltzezkoak eta eskualdeko historiaren erakusgarri dira.