1967. urtean, Gerediaga Elkartearen ekimenez, bertan behera zegoen San Blas Feria modernizatzeko ahalegina egin zen. Abadiñoko Udala, Caja de Ahorros Vizcaina eta Extension Agrariaren laguntzarekin bultzada berria eman zitzaion azokari.

San Blas feria noizkoa den zehatz-mehatz esaterik ez dago, baina Erdi Aroan antzeko azokarik egiten zela baieztatu daiteke. Abadiñoko Udalak elkartearen laguntzarekin argitaratutako San Blasak Begietan liburuan jasotzen denez, azokaren jatorria XVII. mende amaieran edo XVIIII mendaren hasieran kokatu daiteke, data horietan kofradia sortu zelako, 1720an hain zuzen. Bestetik, Jose Ramon Iturriza Berrizko historialariak kontatzen duenez, XVIII. mendean otsailaren 3an hasi eta zortzi egunez irauten zuen Feriak.

San Blas Ferien berriztapena – 1967. Urtea
Bazkide nafar baten ideia izan zen, neurri batean, Migel Anjel Astiz kazetari euskaltzalearena. Berak aurkeztu zion orduko zuzendaritzari proposamena: komenigarria zela baserri-sariketak beste era batera atontzea, eta horretarako data eta leku aproposak "sanblasak" zirela. Bestalde, basa-behorren feria eta baita gainontzeko abereena ere indarra galtzen zebilen bitartean, baserri-makinaria geroago eta gehiago antolatu barik agertzen zen Abadiñora. Hirugarren faktore bat ere bazen, herriko gazteria frankismoko lozorrotik irtetzen hasi eta jaiak bere eskutik bizkortzeko ardura hartu zuen.

Jose Luis Lizundiak 2000 urtean ERAZ aldizkariak eta Gerediaga Elkarteak batera argitaratutako San Blas liburuxkan feriaren modernizazioan lagundu zuten batzuen izenak aipatzen ditu: Jose Zabala Bizkaiko Aurrezki Kutxako eskualdeko ikuskaria, Maurolagoitia egoitzako arduraduna, Luis Maria Sainz de la Hoz Nekazaritza Ministeritzako Durangaldeko Agencia de Extensión Agraria delakoaren ordezkaria eta Emilio Cuesta bere lankidea, Julian Berriozabalgoitia, Bittor Kapanaga, Luis Gorroño, Julian Zelaieta eta Anjel Arkarazo, feriako arduradun modura agertzen zan Juan Elorriaga eta Javier Uriarte eta Jose Antonio Azkorbebeitia alkatea eta zinegotzia.

SanBlas1968Feriaren filosofia berri horretan, behirik ederrena edo fruitarik onenak saritu beharrean, "baserritar aurrerapenzaleenak" omendu ziren. Honako hauek izan ziren sarituak:

Baserritar aurrerapenzaleak

  1. Elorrioko Iguria auzoko Arzubialde baserriko Eusebio Arbulu
  2. Berrizko Okango auzoko Antzua baserriko Benigno Azpitarte
  3. Berrizko Eitu auzoko Berrizbeiti baserriko Ramon Narbaiza
  4. Otxandioko Lapurreketa baserriko Marzelino Lejarreta
  5. Durangoko Santi Kurutz auzoko Okarantza baserriko Felix Okarantza
  6. Zaldibarko Zeleta baserriko Bitor Zubikarai
  7. Zaldibarko Jainaga baserriko Felipe Egiguren
  8. Iurretako Iturriotz baserriko Leando Jaio

Kooperatiba Elkarteak

  1. Elorrioko Kooperatiba Ibarguen-Torrea "Torrekua"
  2. Otxandioko Auzo-elkarte Makineria Kooperatiba
  3. Apatamonasterioko Bizente Maortua ta Nikolas Usabelek egin duten elkartea makinaria eta ekipo bat izateko

Baserri etxeetan hobekuntzak

  1. Mañariko Aldegoiena auzoko Askondo baserriko Abelino Bizkarra
  2. Berrizko Okango auzoko Urritxeandi baserriko Benito Aiartzaguena
  3. Berrizko Mugoitio auzoko Beña baserriko Jose Zelaieta


1967. urteko San Blas feriak hiru egunetan egin ziren, aintzinako ohitura berreskuratuz: 3, 4 eta 5ean; San Blas, San Blas txiki eta Santa Ageda egunez. Orduko kronikan irakurri daitekeenez, 80 behi, 40 txahal, 15 idi, 70 zaldi, 17 behor, 95 asto eta 9 mando saldu ei ziren. Makinariaren saila ordenatu egin zen, lehenengoz standak ipinita. 22 etxe komertzial izan ziren eta gehienak Euskal Herrikoak izan arren, Aragoi zein Leondik etorritakoak ere baziren. Bestetik, motozerrek bere esparru propioa izan zuten, ordurako aurrerapen bat zelako.

Hirusta ikur
Ordura arteko feriak ez zuen ikurrik, eta antolatzaileek hirusta bat aukeratu zuten. Hirustak lau alor ordezkatzen zituen: abeltzantza, nekazaritza, basogintza eta makinaria. Bestetik, San Blas feriako antolatzaileek txapela jantzi zuten besokoaren ordez. Abadiñoko ezpata-dantza taldeko banderaren koloreekin bordatutakoak ziren; gorri, hori, zuri eta berde. 1967ko urtea, gainera, berezia izan zen idi-proba zaleentzat. Abadiñoko probalekua Euskal Herriko idi-proben "katedraltzat" jo izan da beti. Gutxik dakite 1967an inauguratu zela.