Bizkaiko Foru Aldundiak labar-artea duten zortzi koba hiru dimentsiotan digitalizatzeko lanetan dabil eta euren artean, Mañariko Askondo dago. Proiektu honen helburua kobazulo bakoitzaren eredu digitala sortzea da.


Guztira, Bizkaian labar-artea duten 14 kobazulo daude. Baina Bizkaiko diputazioak horietako zortzitan bakarrik jardungo du kontserbazio-egoera onean daudelako: Ventalaperra, Askondo, Lumentxa, Arenaza, Morgota, El Rincon, Atxurra eta Santimamiñe. Kobazuloen digitalizazio eta fotogrametría lanak egingo dituzte, ikusleak haietan dauden pintura, grabatu eta beste altxor batzuetara hurbildu ahal izateko.

Dagoeneko Askondo barrualdea digitalizatzeko lanak amaitu dituzte. Zehazki, datuak hartzeko prozesuan honakoa egin da: kobazuloa eskaneatu, puntuen sare bat sortzeko (eskeletoa) eta azaleren fotogrametria, puntuen egitura horri kobazuloaren forma eta testurak (azala) emateko. Prozesuaren fase hori bukatuta, bildutako datu guztiekin erreprodukzioa osatzeko lan zaila aurrera eramateko prozesua hasiko da eta horren bidez, 3Dn erreproduzituko da kobazulo osoa.

Askondoko zaldi gorriak
2011ko urtarrilaren 9an margoak aurkitu zituzten Askondo koban. Bizkaia barruko paleolitiko garaiko bizilekuei buruzko ikerketa baten barruan D. Garate Maidaga, J. Rios Garaizar eta A. Ugarte Cuetara arkeologoek zaldi itxurako margo gorrien aztarnak aurkitu zituzten. Gerediaga Elkarteak argitaratzen duen Astola aldizkarian (5. Zenbakia) aurkikuntzaren gaineko erreportajea irakurri daiteke.