Gerediaga Elkarteak Durangoko Bonbardaketaren 79. urteurrenean, Udalak antolatzen duen egitarauarekin bat eginda, honako ekitaldiak antolatu ditu.

MARTXOAK 31 - OROIMEN EKITALDIA
Bonbardaketan hildakoei oroimen ekitaldia – 20:00etan Andra Mari elizpean
Ekitaldiaren antolatzaileak Gerediaga Elkartea eta Kriskitin Dantza Taldea.
Bonbardaketaren abestiaren bertsioa Yoko Out talde durangarrak egingo du.

APIRILAK 1 - MAHAINGURUA
"Gertutik: Errefuxiatuaren bidaia luzea" – 19:00etan Kurutzesantu Museoan (*Mahaingurua gazteleraz izango da)
Gerra zibilak gu ere errefuxiatu izatera behartu gintuen. Azken hilabeteetan batez ere Siriako gatazkatik ihesi dabiltzanen egoerak kezka handia eragin du gizartean. Bidaia luzea eta gogorra egiten dute askok. Gertutik egoera ikusi, bizi eta ezagutu dutenen ahotik jaso nahi dugu egungo errefuxiatuen egoeraren berri.


Parte hartuko dute:

  • Nerea Mujika (Gerediaga Elkarteko presidentea)
  • Mateo Agirre (Jesuit Refugees Service - Alboan) - 1966tik Congon izan da Jesuita. 1994tik herrialde horretako errefuxiatuekin lan egin izan du. Congon ezezik, Afrika Mendebaldean Errefuxiatuentzako Jesuiten Zerbitzun zuzendari izan da. 2011. Urtetik Alboan GKEko zuzendaria da.
  • Hodei Arrausi (EITB kazetaria) - 2007tik Euskal Telebistako kazetaria da. Atzerriko berriemale izan eta gero, 2015ean albistegietako nazioarteko arloburua izan da. 2016an, berriro erreportari lanetara itzuli da eta zuzenean, Gereziako Chios irlan Siriatik ihesi dabiltzan errefuxiatuen egunerokoa gertutik ikusi eta kontatu du.
  • Itxaso Egia (CEAR-Euskadi) - 2007tik Errefuxiatuen Laguntzarako Euskadiko Batzordeko kidea da (CEAR – EUSKADI). Asiloa eskatzen duen pertsonen behin behineko harrera programan gizarte hezitzaile lanetan dihardu.

APIRILAK 2 eta 3 - BISITA GIDATUAK
"Durangoko bonbardaketako aztarnak"
Apirilak 2, larunbata - 17:30 – GAZTELERAZ / Apirilak 3, igandea - 11:30 - EUSKARAZ (BIAK BETETA)

ORDUTEGI BERRIAK: Apirilak 2, larunbata - 11:30 GAZTELERAZ (BETETA DAGOENEKO) / Apirilak 3, igandea - 17:30 EUSKARAZ

Ordu eta erdiko oinezko ibilbidea da Durangon zehar. 1937ko martxoaren 31n Durangoko bonbardaketa ezagutzeko aukera eskainiko du, bonbardaketak utzi zituen eta oraindik irauten duten aztarnak bisitatuz. Sei geldiune nagusi ditu ibilbideak: Kurutziaga kalea, Komentu kalea, Andra Mari basilika, Ezkurdi plaza, Etxezarreta Jauregia eta Nevers ikastetxea.
Leku kopurua mugatua denez, izena aurrez eman behar da  946818066 telefono zenbakira deituta. Nahi izan ezkero, galdeketa bidez egin dezakezue izena ematea online

IZENA EMAN

izenaemon ikonoa

 

BIDEO LABURRA
"Durangoko bonbardaketa. Aztarnak"
Cine Zugaza – Arriola Antzokia – Berrizko Kultur Etxea
Durangoko bonbardaketako aztarnen ibilbidean oinarrituta, lehengo eta oraingo irudiekin osotuz, 1937ko Martxoaren 31ko gertakaria azaldu eta gogoratzeko balioko duen ikus-entzunezko laburra ekoiztu dugu.
Zazpi minutuko iraupena dauka eta bi bertsio ekoiztu dira: euskarazkoa, gaztelerazko azpitituluekin, eta ingelesez.
Ikus-entzunezkoa Cine Zugaza eta Arriolan ikusgai izango da ohiko filme emanaldien aurretik. Arriolan Aste Santuko emanaldietan eta Cine Zugazan martxoaren 31n hasita. Berrizko Kultur Etxean apirilaren 8ko film emanaldian eskainiko dute.
Sorginola gaztetxeak eta Sapuetxek ere bideoa zabaltzeko egitarau propioa antolatuko dute. Sorginola gaztetxean apirilaren 8an arratsaldeko 18:00etan antolatuko dute emanaldia eta osteko solasaldia. Sapuetxek oraindik zehazteko dauka. 
Zine aretoetan ezezik, sare sozialetan eta Gerediaga Elkartearen webgunean zabalduko da bideo laburra datorren astean.
Ikus-entzunezkoa Bideografik-ek ekoiztutakoa da.

 

Udalaren eskuorria

udalpdfazala

Gerediagak antolatzen dituen ekitaldiak, Durangoko Udalak argitaratzen duen programaren barruan daude. Ekitaldiok Eusko Jaurlaritzaren laguntza jasotzen dute.

PDF formatuan eskuratu dezakezu.