Maiatzaren 3tik 31ra Elorrioko Iturri Kultur Etxean "Durangaldeko kartografia" erakusketa erakutsiko da. Ramon Oleaga kartografiazalearen hogei mapek osatzen dute erakusketa. Mapak XVI. mendetik XXI mendera bitartekoak dira. Mapa guztiak inprimatuak dira, ez eskuz egindakoak. Kasu batzuetan originalak erakusten dira edota handitzeak Durangaldeko detailea hobeto ikusi ahal izateko.

Interesgarria da erakusketa honakoak irakasten dizkigulako:

  • Garai bakoitzean herritarrek izan zuen lurraldearen pertzepzioa, kontuan izanik gainera, inoren begirada islatzen zutela mapek gehienetan eta ez biztanleena eurena
  • Espazioa irudikatzen zenean, zeintzuk elementuri ematen zitzaien garrantzia garai bakoitzean
  • Mapetan ere estilo artistiko desberdinak islatzen direla

Ramon Oleaga afizioz bilduma hauen zale den arren, ofizioz abokatua da. Txikitatik izan du afizio hau, beti atentzioa deitu diolako Euskal Herria testuinguru gabeko errealitate bezala egon izana irudikatua historian zehar. Lurraldeaz ematen den irudia eta boterearen arteko lotura azalduko ditu Ramonek.

Erakusketa Gerediaga Elkartearen 50. urteurrena ospatzeko ekitaldi moduan sortu zen. Txelu Angoitiaren lana ere jasotzen du erakusketak, bera izan baita eskualdeko detaileen kopia handituak prestatu dituena.

Ordutegia goizeko 9etatik gaueko 9ak artekoa da astebarruan eta 10etatik 13etara larunbatetan.

* Erakusketa lehenengo Durango Arte eta Historia Museoan egin zen iazko urrian. Ordukoa da argazkia. Erakusketarako mapa guztien azalpenekin liburuxka ere argitaratu zuen Museoak. Bertan dute oraindik salgai, 5 eurotan.