1936. urteko uztailaren 22an izan zen. Altxamendua gertatu eta lau egunetara erasoa airez egin zuten kolpistek. 61 lagun hil ziren. Otxandio Santamaña jaien ospakizunetan zegoen. Bonbardaketaren 80. Urteurrenean oroimen ekitaldiak egingo dituzte. Gertatutakoa azaltzen duen ibilbidea ere inauguratuko dute

Zazpi gune dituen ibilbidea diseinatu dute Otxandion, herriaren bonbardaketa eta frankistek Otxandio hartu zutenera artekoa ezagutzera emateko. Datorren ostiralean, uztailaren 22an, bisita gidatuak antolatuko dira egindako aurkezteko. Arratsaldeko 17:00etan gazteleraz eta arratsaldekeo 18:30ean euskaraz. Ibilbideko puntu ezberdinetan, gidaren azalpenagaz batera lekukoak ere izango dira euskarazko bisitan. Eta, ondoren, 20:00etan, Andikona plazan Frankismoaren biktimen oroimen ekitaldia egingo da.

Ibilbidearen zazpi guneak

  • Andikona plaza: hegazkinetatik jaurtitako bonbek biktima gehien utzi zituen plaza honetan. Guztira 61 eta gehienak umeak eta andreak. Biktimen oroigarria dago plazan.
  • Babeslekuak: Bonbardaketa ostean herrian geratu zirenentzat 6-7 babesleku prestatu ziren herriko leku ezberdinetan.
  • Udako etxea: Eusko Gudarosteak Basagurendarren "Udako etxean" kokatu zuen bere komandantzia
  • Bolalekua: babesleku eta milizianoen sukalde bihurtu zen; eliza eta eskola biltegi, bulego zein lo egiteko gelak bilakatu ziren.
  • Uribarreneko zubia: Informazioa lortzea, frontearen alde batetik zein bestetik, eguneroko ezkutuko lan baliotsua eta arriskutsua izaten zen.
  • Plaza nagusia: Bost egun eutsi zuen Otxandioko fronteak. Egun horietan, bonbardaketek, metrailamenduek, obus jaurtiketek, sute eta munizio biltegien eztandek bete-betean jo zuten Otxandio.
  • Udaletxea: Otxandio hiria eta udaletxea, hitzaren gune nagusia, erregimen frankistaren kuartel eta pentsamendu bakarraren gotorleku bihurtu zen lau hamarkadatan.

Otxandiok orain dela 80 urte izandako bonbardaketari buruz eta gerra zibileko beste gertakari batzuei buruzko ikerketa Jon Irazabal Gerediaga Elkarteko kideak idatzi du eta 2003an argitaratu zuen Gerediaga elkarteak, 2006an berrargitaratuz. Hemen deskargatu daiteke.