Gerediagako Foru-Zelaia egunero zabalduko da aurrerantzean. Bizkaiko Batzar Nagusiak urte askotan gure elkarteak eskatzen izan duenari erantzunez, Durangaldeko historia politikoan garrantzia handiko lekua egunero bisitatu ahal izango da.

Apiriletik irailera, goizeko 10etatik arratsaldeko 8etara egongo da zabalik egunero. Urritik martxora, berriz, goizeko 10etatik arratsaldeko 6etara.

Gerediagako Foru-Zelaira hurbiltzen denak berezi zerk egiten duen ezagutzeko aukera izango du. Izan ere, ermita aurreko hormetan azalpen panelak jarri dira ingurua aire libreko museo bihurtuz. Azalpen historikoei laguntzen dieten ilustrazioak Durangoko Imanol Larrinaga ilustratzailearenak dira. Horrekin batera, ermitatik parez pare dagoen mendilerroaren ikuspegia azaltzen duen panela ere jarri da, Udalatxetik Pagasarri arteko mendi tontor esanguratsuenak identifikatuz.

Gerediagako Foru-zelaia Durangoko Merindadearen gune historiko nagusia da. Bertan egiten ziren Durangoko Merindadeko Batzar Nagusiak. Hau da, lurralde honetako erakunde propio nagusiaren egoitza zen, bere legebiltzarra. Eskualdeko ordezkari politikoak bertan batzen ziren eta bertan hartzen zituzten eskualdeari eragingo zizkioten erabakiak. Elkarteak erakundearen historia laburbiltzen duen liburukia dauka argitaratuta. Klik eginda deskargatu.

Merioaren Ibilbidea

Gerediagako Foru-Zelaia  elkarteak 2010ean diseinatu eta abian ipinitako Merioaren ibilbideko geldiuneetako bat da. Ibilbideak Durangaldeko historia ezagutzeko eta eskualdeko ondare historiko-kulturala zabaltzeko balio du. Zortzi geldiune ditu ibilbideak eta Foru-zelaian Durangaldeko aintzinako gizartearen egitura politikoa azaltzen da. Gerediagako Foru-Zelaia egunero zabalduta eta ipinitako azalpen panelei esker, bisitariak esperientzia osoagoa izango du Merioaren Ibilbidea egiten duenean. 

* Argazkian, Gerediagako Foru-Zelaian egiten ziren bileretako baten errepresentazioa.