Irailaren 17an egingo da aurten 50. Euskal Herriko Artzai Txakur Txapelketa, Axpen (Atxondo). Tolosako (Frantziako) Paul Sabatier unibertsitateko Animalien Ezagutzarako Ikerketa Zentruko (CRCA) ikertzaile taldea, 50. Euskal Herriko Artzai Txakur Txapelketa aprobetxatuko dute parte hartzen duten ardien eta txakurren jokabidea grabatzeko.

EscobedoRamon Escobeko matematikari lezamarra, ikerketa talde zabal bateko kidea da eta artaldeetan ardiek duten jokabidetik ereduak zehazten lan egiten dute. Taldeaan daudenean, ardiek barruko eta kanpoko estimulo ezberdinei erantzunez jokatzen dute eta horrek eragina dauka artaldean, itxuran zein mugimenduen noranzkoan. Matematikoki aztertzen den ereduari esker, artalde barruan informazio hori zelan transmititzen den ezagutzea eta honek artaldearen jokabidean zelan eragiten duen jakitea bilatzen du ikerketak.

Euskal Herriko Artzai Txakur Txapelketa informazio etea datu iturri garrantzitsua da ikerketarako. Ia naturalak diren baldintzatan ardiek zelan erantzuten duten ikusteko baliogarria da, noiz erantzuten dieten naturalak ere badiran kanpoko estimuluei, artzai txakurrarenak.

Txapelketako grabazioek oinarrizko ikerketarako material baliotsua izango da. Irudi horietatik abiatuta, eta banako (ardi eta txakur) bakoitzaren ibilbidea jarraitzea ahalbidetzen duen softwarea erabiliz, txakurren eta ardien kokapena eta abiadurari buruzko neurketa zehatzak egitea da helburu. Horri esker datu ezberdinak lortu daitezke, esaterako: zein distantziatara dagoen txakurra ardiak mugitzen hasten direnean, ze ardi den lehena mugitzen, zelan pasatzen dien informazioa beste ardiei eta zelan mantentzen den batuta artaldea. Berdintsu, txakur bakoitza artaldetik gertu dagoenean ze distantziatara egoten den ere neurtuko da, zein den txakurraren erantzuna artzaiaren aginduetara, zenbat agindu egin ditzakeen eta zenbat denboran, eta zenbateko zehaztasuna lortzen duen.

Ikerketa poriektu hau Horizon H2020 Egitasmo europearraren barruan “Marie Curie” izeneko ekintzako bat da, eta beste bost erakundetako ikerlarien partehartzea dauka: Massachussets-en (AEB) Hampshire College-ko Animalien Ezagutzarako Departamentua, Madrileko Unibertsitatea, BCAM Matematika Aplikatuen Euskal Herriko Zentrua, Neiker-Tecnalia Ikerketa eta Garapen Teknologikorako Institutua, eta AEPA Euskadiko Laguntza Txakurren Elkartea.