“Etxetik kanpo” leloarekin, migrazioa eta kultura-ondarea izango dira aurtengo edizioan antolatutako jardueren oinarria. Durangaldean, oinez egiteko ibilbideak diseinatu ditugu. Herrietako lekuak bisitatzeko aukera izateaz gain, leku horietako historia eta istorioak ezagutzera emateko erabiliko dugu. Gainera, leku bakoitzeko historiarekin lotura duten pertsonajeak ere ibilbideetako protagonista bihurtuko ditugu.

Ibilbideetan parte hartzea doakoa da, baina aurrez izena eman behar da leku kopuru mugatua dagoelako. Izena-emateko xehetasunak eta ibilbide bakoitzari dagozkion egun eta orduak jardunaldiotarako argitaratutako triptikoan zein webgune honetan ekimenak daukan atalean aurkituko duzu. Ibilbideei buruzko deskribapen laburra, berriz, hurrengo lerrootan jasota dago:

Otxandio - Otxandioko bonbardaketaren aztarnak
Gerra guztiek pertsonen joan-etorriak eragiten dituzte. Otxandiokoa Euskadin airez egindako lehen bonbardaketa izan zen eta 61 pertsona hil ziren. Otxandioko hiribilduan zehar egingo den ibilbidean gertakari tragiko haretako istorioak eta erasoak utzitako aztarnak ezagutzeko aukera izango da.

Elorrio – Urrunetik heldutako auzokide ezezagun eta exotiko horiek. Jauregien lorategieteako zuhaitzak.
Topalekua: Elorrioko turismo bulegoa
Elorrioko jauregietako lorategietatik paseoan ibiltzea proposatzen du ibilbide honek. Lorategiak eurak kultura, estiloa garaia, eta hainbatetan arte-sortzailaren orijinaltasuna erakusten duen sorkuntza lan modura ulertzeko aukera emango dio bisitariari.

Izurtza-Mañaria
Izurtzatik Mañariara bide laua dago, baina istorio asko jasotzen dira. Bizkaiko barroko estiloko organorik handiena entzuteko aukera ere egongo da egunean bertan. Idazle bi nabarmentzen dira ibilbide honetan: Nikolas Alzola Gerediaga "Bitaño" Izurtzako euskal idazle, margolari eta euskaltzain urgazlea eta Evaristo Bustintza “Kirikiño” (bere jaiotzaren 150. Urteurrena beteko da gainera urriaren 26an). Baina Francisco Etxanobe Abaroa Urkiolako bidearen proeiktua burutu zuen lan-maisuak ere interesgarri egingo zaie askori.

Iurreta-Garai
Bi herrietako plazak oinez lotuko dituzte ibilbide honetan. XVII. Mendeko baserriko elementu arkitektonikoak ikusteko aukera izateaz gain, Euskadi Saria eskuratu zuen Joseba Sarrionandiaren “Moroak gara behelaino artean?” liburuan aipatzen den Hilarion Sarrionandia frantziskotarra edota Maria del Carmen de Gurtubay y Alzola Iurretako lehen markesa izendatu zutenaren istorioak ezagutuko dituzte.

Zaldibar - Berriz
Ibilbide honetan pertsonaia esanguratsu asko ezagutzeko aukera dago: Zaldibarko leinu arteko gerretako protagonistak, bainuetxerea etorritako bisitari ilustreak, Victor Garitaonandia Argia astekariaren sortzailea, Luz Zalduegi albaitaritza ikasketak amaitu zituen lehen emakumea, Margarita Maturana Berrizko Mesedeetako Misiolarien sortzailea, Juan Ramon Iturriza historialaria, Martina Ibaibarriaga gerrilaria edota Berrizko Markesa.