2016ko urriaren 26an, Evaristo Bustintza 'Kirikiño´ Mañarin jaio zelaren 150 urte betetzen dira. Hori dela eta urriaren 27an "Ebaristo Bustintza Kirikiño: I. Guda Mundialeko kronista" barriketaldia antolatu du Gerediaga Elkarteak Mañariko udalarekin batera. Hizlariak Xabier Altzibar eta Eneko Bidegain izango dira eta zita Mañariko Errose Bustintza Kultur Etxean, arratsaldeko 19:00etan.

Gerediaga Elkartea lotura berezia izan du betidanik Kirikiñorekin, 1966. urtean egindako omenaldian parte hartu zuen eta orain euskal kultur eragile honen kazetari-lana balioan jarri nahi du, hain zuzen ere bere kronikalari lana azpimarratuz.

Horretarako, I. Mundu Gerran (1914-1918) Euskal Herriko egoera sozio-politikotik abiatuz, bereziki euskal kazetagintzan eta Kirikiñok kazetaritzan izandako eraginaz eta berri-emale izaeraz arituko dira hizlariak.

Ekintzan elkartearen dokumentategian Basilia Bustintzak, bere emazteak, 1966an bidalitako eskutitza ezagutzera emango da. Bertan, modu xumean eta maitekorraz, bere senarraren izaera eta bizitza ezagutzera ematen zion Gerediagari.

KIRIKIÑO

Evaristo Bustintza, Kirikiño ezizenez ezaguna, idazle oparoa, herrikoia eta ezagunenetarikoa dugu.

XIX. mendearen bukaeran euskal kulturan berpizkunde euskaltzalea gertatzen da eta honekin batera euskara “garbia”, kanpotar jatorrizko hitzak baztertu eta haien ordez berba asmatu-berriak erabiliz.

Garaiko idazle gehienak euskara mota hau erabiltzen zuten, literatura gutxi batzuentzat bihurtuz.

Salbuespen ia bakarra Kirikiño izan zen. Herriko jendeak erabiltzen zituen hitz eta esakerak zuten ardatz bere idazlanetan. Kazetari-lana izan zen berea, idazlan laburrak idazten zituen, gai arinak eta erraz ulertzekoak landu zituen, gehienetan.

Hala ere, Guda Nagusiko kronista ere izan zen, bere helburu nagusia irakurleak informatzea izanik. Kirikiñok Europa eta munduko gerraren giro eta abarren berri eta gogoeta asko egin zituen, baina kanpoan ez ezik hemen sortarazitako egoera kontatzen zuen, ikuspegi abertzale eta ekonomikotik.

HIZLARIAK

XABIER ALTZIBAR ARETXABALETA. 'Kirikiño kazetaria, I. Mundu- Gerraren kontalari´ artikuluaren idazlea dugu. Xabier Perearen lan bildumatik abiatuz, Kirikiñoren kronikalari izaeraz eta textuingurua aztertu du.

UPV-EHUko irakasle eta ikertzailea. Kirikiñoren kazetari eta bultzagile lana ikertu du.

ENEKO BIDEGAIN. 'Lehen Mundu Gerra Eskualduna astekaria´ tesiaren ikerlaria, Euskal Herrian garaian zegoen egoera sozio-politikoaren berri emango digu eta, honen eragina euskal kazetagintzan.

Mondragon Unibertsitateko irakasle eta idazlea da.