“Hitzari Gorazarre” izenaren atzean hainbat idazle eta Durangoko kultur eragile daude. 2016. urtean betetzen diren urteurren garrantzitsuak oinarri hartuta literatura ardatz nagusi duten ekitaldi zikloa antolatu dute azarorako. Euren artean, Gerediaga Elkarteak Durangaldeko idazleen historia eta istorioak ezagutzeko ibilbidea antolatu du larunbaterako, azaroaren 12rako.

Ibilbideak Santa Ana plazan izango du abiapuntua, goizeko 11:00etan. Pablo Pedro Astarloa abade, hizkuntzalari eta filologo bizkaitarraren irudia ondoko Pinondo parkean dago. Euskal Herrian zehar ibili zen Wilhelm von Humboldt hizkuntzalari alemaniarrarekin harreman estua izan duen. AEKren euskaltegia ere gertu dago eta Mañariko Kirikiño idazlearen “Abarrak” lanaren izena zergaitik daukan ezagutzeko aukera izango da.
Santa Anatik Andra Marirako bidean, Barrenkale, Artekale, Goienkale eta Kalebarrian zehar jarraituko du bisitak. Durangon hainbat moldiztegi izan ziren eta euskal literaturan esanguratsuak izen diren liburuak argitaratu ziren. Egungo liburudendetan egungo idazleekin solasaldi labur baterako tartea izango da eta 80ko hamarkadan argitaratu zen “Txistu y Tamboliñ” aldizkaria gogoratzeko ere balioko du.
Andra Mariko elizpean lehenengoz antolatu zen Durangoko Azoka gogoratu ostean, Ezkurdin Fray Juan de Zumarraga idazlea eta Landako Gunean Felipe Arresebeitia idazle otxandiarra aipatuko dituzte. Amaitzeko, Durangoko Plateruen “Causino” koplak abestuko dituzte.

2016 urteurrenen urtea

  • 400 urte hil zirela William Shakespeare eta Miguel de Cervantes
  • 150 urte jaio zela Evaristo Bustinza Lasuen Kirikiño irakasle, kazetaria eta idazle mañariarra
  • 110 urte hil zela Felipe Arrese Beitia idazle otxandiarra
  • 80 urte hil zela Jose Manuel Lujanbio Retegi Txirrita bertsolaria

“Hitzari Gorazarre” zikloaren antolatzaileak: Berbaro, Karrika antzerki taldea, Plateruena kafe antzokia, Udal Biblioteka, San Agustin kulturgunea eta Gerediaga elkartea.

EGITARAUA
· AZAROAREN 4an, 19:00etan: Ipuin berriak, Carrerek jarriak, Udal Bibliotekan.
· AZAROAREN 9an, 19:30ean: Musde Kixot zaldunaren mentura ikaragarriak euskaldunon munduan, Plateruena Kafe Antzokian.
· AZAROAREN 11n, 22:00etan: Bertso trama Jon Maia, Miren Amuriza, Eneko Abasolo Abarkas eta Txaber Altubegaz, Plateruena Kafe Antzokian.
· AZAROAREN 12an, 11:00etan: Durangaldeko idazleak Durangon zehar ibilbide literarioa, Santanan hasita.
· AZAROAREN 16an, 19:00etan: Hamlet obraren inguruko irakurle klubaren saioa, Danele Sarriugarte idazleagaz, Udal Bibliotekan.
· AZAROAREN 18an, 22:00etan: Deshakeaspearezioa antzezlana, San Agustin kulturgunean.

 

* Argazkia Anboto aldizkariaren edizio digitaletik jasotakoa da.