Pello Mugarza, Justo Azagirre eta Jesus Mari Uribelarrean mallabitarrek herriko baserrietan aurkitu dituzten lanabesak eta bestelakoak jaso dituzte liburu baten. Udalak argitaratu du lana Gerediaga Elkartearen lankidetzarekin. Mallabiko Kontzejuzarrean aurkeztuko dute emaitza ostegunean, azaroaren 24an, 19:00etan.


Urteetan ibili dira baserri tresnak aurkitzen, sailkatzen, argazkiak ateratzen eta zertarako erabiltzen ziren edo diren informazioa batzen. Guztia, hiztegi itxuran batu dute eta “Baserriko lanabesak, tresnak eta trepetxuek” izeneko liburua plazaratu dute. Banan banan aurkitu dituzten lanabes guztien argazkiak, deskripzioak eta eduki ahal izan dituzten izendapen ezberdinak nabarmendu dituzte.
Mallabiko Udalak herriko etxe guztietan banatuko du liburuaren ale bat. Herrian egingo den liburu aurkezpenera doanak ere liburua eskuratzeko aukera izango du. Durangoko Azokan, bestetik, Gerediaga Elkartearen standean izango da salgai.