Zabaldu ditu Durangoko Azokak 51. edizio honetako ateak. Bost egunez, abenduaren 6ra arte, izango da zabalik. Gerediagaren erakusmahaian elkarteak argitaratutako liburuak erosgai izango dira. Nabarmentzekoak dira aurten, Astola ikerketa eta historia aldizkaria, 2017 Egutegia eta "Mallabiko lanabesak, tresnak eta trepetxuek" liburua. Elkarteko bazkideek aldizkaria eta egutegia doan jaso dezakete azoka egunetan bertan.

Astola aldizkariak 10 urte bete ditu aurten. Urteotako ibilbidean 100 erreportaje inguru argitaratu dira eta gaiak danetarikoak izan dira. Durangaldetik atera barik, historiaz berba egin dute, arteaz, folkloreaz, arkitekturaz, planifikazio zein azpiegituraz, musikaz, gizarte arazoez…Aurtengo zenbakian Durangon trenaren lurperatzeaz erreportaia luzea argitaratu dugu, Humboldt hizkuntzalariak eskualdera egindako bisitaren kronika eta ondare industrialari buruzko lanarekin batera. 160 orrialdetako aldizkarian sei ikerketa lan mamitsu izango dira. 5 eurotan salgai dago aldizkaria.

2017ko Egutegia "klasikotzat" jo dezakegu eskualdeko sukalde eta bulegoetan. Durangaldeko jai eta ohituren data esanguratsuak nabarmen dira egutegian. Hala ere, argazki zaharrak dira protagonista. Poster tamainuko irudiekin, eskualdeko herri ezberdinetako argazkiak argitaratu ditugu elkarteako argazki artxibotik. Aurten, bereziki, taldeak eta errepideko argazkiek pisu berezia hartu dute. Egutegiaren salneurria 5 eurokoa da.

Mallabiko baserrietako lanabesei buruzko lana argitaratu dute hiztegi itxuran. Pello Mugarza, Justo Azagirre eta Jesus Mari Uribelarrean mallabitarrak urteetan ibili dira baserri tresnak aurkitzen, sailkatzen, argazkiak ateratzen eta zertarako erabiltzen ziren edo diren informazioa batzen. Guztia, hiztegi itxuran batu dute eta “Baserriko lanabesak, tresnak eta trepetxuek” izeneko liburua plazaratu dute. Banan banan aurkitu dituzten lanabes guztien argazkiak, deskripzioak eta eduki ahal izan dituzten izendapen ezberdinak nabarmendu dituzte.

AzokaGerediaga2