Martxoaren 31n durangarrek 1937ko bonbardaketan hildakoak gogoratzen dituzte. Ekitaldi xumea egiten da Andra Mariko elizpean: lore-eskaintza, dantza eta egunari eskainitako kantua. 80.urteurreneko ekitaldietan Rosa Mendibe lekukoak jarri ditu lorak, Kriskitineko dantzariek egin dute ohorezko dantza eta Iurretako koruak abestu ditu bertsoak.

Ekitaldian hurrengo testu hau ere irakurri du Jone Guenetxea aurkezleak.

Durango, 1937ko martxoaren 31 gogoan
Bonbapean suntsitu gura izan zen herria gogoan. Zerutik eroritako suak erail zituenak gogoan. Isiltasunetik irtendako garrasiak gogoan.

Ez zuten ikusitakoa eta sentitutakoa kontatzeko hitzik aurkitu. Nahi eta ezin. Behar eta ezin. Gainera… behartu zituzten isiltasunean jarraitzen. Ez zelako gertatu gertatutakoa. Ikusitakoa begitazioa izan zelako. Urteak igaro eta horrelakoak entzun eta irakurri beharra izan zuten. Baina… begitazio hark eramandako anaiak, arrebak, amak, aitak, lagunak, ezagunak… utzitako hutsunea ez zuen denborak edo beste edozerk ase.

Izan genuen irabazle militarren bake garaia
Ahaztuak izango zirela pentsatu zuten. Betirako estalita gelditzen zela iragana. Baina badirudi ez zekitela… lurra erabiliz estaltzen dena, egiaren euriak eta haizeak berriro azaleratzen dutela. Eta egia, justizia, memoria eta oroimena ekarriko duen esperantzarekin, euri eta haize hoiek askatuz bildu gara, eta biltzen gara, urtero hemen.

Egia
Lau haizetara aldarrikatuko duena egun beltz hartan Durangoko etxe, kale, eliza edo bazterretan egon ziren herritarrak ez zirela izan euren auzokideen hiltzaileak. Ez elizgizon, ez militar ez beste edozein motako agintaririk, ez zuela eskubiderik Durangon egindako erailketa agintzeko. Ezta ere, gertatu zen bezala, pulpitu eta edozelako tribunatatik gertatutakoa justifikatzeko, zuritzeko edo derrigorrez isilarazteko.

Justizia
Gutxienez erailketa hartan kide izan ziren erakunde, estatu, eleiza eta instituzioen aldetik herritarrok, eta bereziki lekukoak izan zirenak, barkamen hitzak itxaroten jarraitzen ditugu.

Memoria
Gertatutakoa gogoratzeko eta ondorioz aldarrikatzeko altu, argi eta garbi… Berriro ez, ez hemen, ez inon, beste Durangorik ez!.

Oroimena
Urteetan sufritu izan dutenei adierazteko bakardadean, isiltasunean, sufritzen iraun duten urte horietan herri hau ere, isiltasunean, eurekin egon dela. Euren sufrimendua gurea egiten dugula eta hildakoak bizirik irauten dutela, herri honek ez dituelako ahaztu. Esaera zaharrak gogoratzen digun bezala “ahazten ez dena ez da hiltzen ”.

Gaur,
80 urte geroago, berriro elkartu gara 1937ko Martxoaren 31 gogoan izan eta Durangorik berriro ez aldarrikatzeko