Datorren asteartean, uztailak 18, egingo da kereilaren aurkezpena Durangoko epaitegian. Horretarako, prentsaurrekoa deitu dute lehenengo goizeko 11:00etan udaletxean kereilaren xehetasunak azaltzeko eta epaitegira kereila aurkeztu orduko, 12:00etan Ezkurdin bost minutuko kontzentrazioan parte hartzeko deialdia zabaldu diete durangarrei. Durango bonbardatu zuten Aviazzione Legionariako kideen aurkako kereila jartzeko, Gerediaga Elkarteak egindako ikerketa historikoa erabili dute.

AITZIBER IRIGORAS Durangoko Alkateak, ANAÏS FRANQUESA abokatuak eta ANDONI BARREÑA, Durango 1936 Kultur Elkarteko kideak, “1937ko martxoaren 31” izeneko batzordea osatzen duten kideekin batera, 1937ko martxoaren 31an, apirilaren 2an eta apirilaren 4an Durangok jasan zituen bonbardaketen eta metrailaketen egileen aurkako kereilaren aurkezpena egingo dute: helburuak, arrazoiak, argudiaketa eta justifikazio juridikoa.

Durango Uriak, 1937ko martxoaren 31tik apirilaren 4ra, Italiako Aviazzione Legionariak eragindako bonbardaketak jasan zituen. Durangon ez zegoen gerra-fronterik. Bonbardaketaren helburu nagusia izan zen izua hedatzea herritarren artean: 300etik gora hildako, ehundaka zauritu, hamaika etxe eta eraikin birrinduta edo kaltetuta eta herritar guztiak ikaratuta utzi zuten. Zalantzarik gabe, ekintza hori GIZATERIAREN AURKAKO KRIMENA izan zen, preskribitzen ez denetakoa.

Ahalegin handiak egin badira ere Italiako Estatuak bere erantzukizuna onartu dezan Durangoko herritarren kontra egindako bonbardaketen inguruan, eta biktimei, familiarrei eta Durango herriari barkamena eskatu diezaietela eskatu bazaie ere, oraindik ez dugu inongo erantzunik jaso herritarren aurka egindako delitu larri hauen inguruan.

“1937ko martxoaren 31”ko Batzordea Durangoko Udalbatzarrak, alkateak eta zinegotziak, Durangoko alderdi politikoak eta Durangoko hainbat herri-elkartek osatzen dugu, hala nola, Gerediaga Elkarteak, Ongi Etorri Errefuxiatuak-ek, Kriskitin Dantza Taldeak, Ongi Etorri Kovanêk, Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Durango 1936 Kultur Elkarteak; eta zabalik dago eta egon da edozein herri-elkartek edo herritarrek parte hartu dezan.

1937ko bonbardaketa aztertzeko sortutako Batzorde honek eskatu du kereila kriminala jartzea egia, justizia eta barkamena lortzeko asmoz. Hala herritarrei jakinarazten zaie Durangoko Udalak, uztailaren 18an, kereila kriminala jarriko duela Durango bonbardatu zuten Aviazzione Legionariako kideen aurka.

Kereila aurkezteko prentsaurrekoa egingo da uztailaren 18an, goizeko 11:00etan, Durangoko Udaletxeko pleno aretoan. Prentsaurrekoa amaitu ostean, durangar guztiak gonbidatzen ditugu Gerra Zibileko biktimak omentzeko, Ezkurdi Plazan, 12:00etan egingo den 5 minutuko elkarretaratzean parte hartu dezaten. Ekitaldi hau amaitutakoan, Ezkurdiko epaitegietara joango gara, 12:30ak aldera.