Durangoko Azokak 52. edizioko kartela eta ildo nagusiak aurkeztu ditu gaur, urriak 17, Durangoko Kurutzesantu Museoan egindako prentsaurrekoan. "Sormenaren lurraldea DA!" izango da aurtengo lelo orokorra, Azoka sormenari begira jarriko baita aurten. Edizio honetako kartelaren egilea Jose Antonio Sistiaga margolaria da, bere pelikula esperimental bateko filmina batean oinarrituz.

-Jose Antonio Sistiaga margolaria izango da 52. edizioko kartelaren egilea. Kartelaren oinarria pelikula esperimental bateko filmina da, eskuz margotutako zeluloidea. Irudiak "unibertsoaren sorrerara egindako bidaia" iradokitzen du.

52. edizioko leloa "Sormenaren lurraldea DA!" izango da. Kultur eragile guztiak batzen dituen espazio moduan agertu eta bertan ematen diren istorioak, ikuskizunak, abenturak... aldarrikatu nahi ditu lelo horrekin Azokak.

- Bost eguneko azoka izango dugu hirugarren urtez: abenduaren 6tik 10era. Ikasle Eguna bigarren egunean ospatuko da, eta jada tailer guztien izen emateak bete dira. Arratsaldean helduentzako tailerrak antolatuko dira, izen ematea zabalik dago.

Aurkezpenean, Gerediaga elkarteko eta Azokako guneetako ordezkariekin batera, babesle publikoetako ordezkariek parte hartu dute: Joxean Muñoz (Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea), Ana de Castro (Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria), Aitziber Irigoras (Durangoko alkatea) eta Maria Jose Telleria (Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendaria). BBK, Euskaltel eta Eroskiko kideak ere izan dira, Azokako babesle pribatuetako ordezkari gisa. 

Informazio +: durangokoazoka.eus