Urrian zehar Durangaldean, Bizkaiko beste hainbat herritan bezala, Ondarearen Europako Jardunaldiak egin dira. “Paisaia Bizia” lelopean, Gerediaga Elkarteak koordinatuta, zortzi herritan egin dira ibilbide gidatuak. Guztira, 350 lagunek gure ondarean sakontzeko aukera izan dute.


Paisaia naturalaz aparte, paisaia horrek gure eskualde izaeran izan duen eraginean ere sakontzeko aukera izan da jardunaldietan. Gerediaga Elkarteak diseinatutako egitarauan zortzi herrietan zehar egin dira ekintzak, lehenengoz Atxondon eta Izurtzan.

Egindako ekitaldietan nabarmentzekoak dira, Atxondon “Gutik Zura” dokumentalaren proiekzioa, Mañarian Askondo kobazuloaren sarrera bisitatzea (eta Astola aldizkaria opari emanda, aurkitutakoen gaineko informazio gehiagarri), Berrizko Besoitaormaetxea baserria barrutik bisitatzeko aukera edota Izurtzan Etxaburutorren jatorria duen familiako kideen elkar-ezagutzea.

Aurten gainera, inoiz baino Durangaldeko jende gehiagok parte hartu du ibilbideetan. Aurreko urteekin konparatuz, gertuen daukagun historiak, paisaiak eta ondareak jakinmina piztuta jende gehiago gerturatzea lortu da.