Gerediaga Elkarteak jaso du Sabino Arana Sarietako bat urtarrilaren 28an Bilboko Arriaga antzokian egin den ekitaldian. Ramon Barea aktorea, Abel Barriola pilotaria, Koopera eta Ez Beti da Ez! aldarria izan dira beste sarituak. Nerea Mujika elkarteko presidenteak jaso du saria.Lanean jarraitzeko "bitamina" ematen duen saria dela aitortzeaz aparte, gure ondarea eta identitatearen zutabeak mimatu beharra aldarrikatu ditu eta zeregin hori guztiori dagokigula ere azpimarratu du.

Gerediaga Elkarteko sortzaileekin, zuzendaritzako kideekin eta elkarteko bazkide guztiekin partekatu du Nerea Mujikak Sabino Arana saria. Bazkideetako batzuk ekitaldiaren amaieran sari eta guzti argazkia ateratzeko aukera izan zuten.

Gerediaga Durangoko Azoka baino gehiago dela erakusteko aprobetxatu zuen saria jaso osteko berbarako txanda. Bizkaian erregistratu zen lehen elkartea izan zela gogoratu eta herri mugimendu askoren babesleku moduan egindakoak zerrendatu zituen. Gainera, Durangoko Amankomunazgoaren eta DIBA nekazarien kooperatibaren sorreran izan zuen akuilu izaera azpimarratu zituen. Memoria historikoan egindako lanak aintzindari izan direla eta ikertzen jarraitzeko garrantzia ere nabarmendu zituen. 

Durangoko Azokari dagokionez, batasuna dakarren kultura baten erakusle, transmisioan eragile, jendea mugiarazteko gai eta euskal gizarteari aberastasuna dakarkion ekitaldia dela azpimarratu du Nereak eta euskal kulturan inbertitzeak merezi duela aldarrikatu.

Amaieran, eskari zuzena eta hausnarketarako berbak izan zituen: Gure  identitatearen zutabeak mimatu behar direla, egitekoa Gerediaga lako elkarteei bakarrik ez dagokiela eta ondorioz, elkarlanerako ateak zabalik utzi zituen Nerea Mujika elkarteko presidenteak.

SASbazkideak