Jon Pertika dantzazalea eta euskal folklorearen alde lan oparoa egindakoa zendu da gaur. 2017ko ekainaren 3an, Gerediaga Elkarteak Durangaldeko Teila Saria eman zion, eskualdeko dantzak ezagutzera emateko egindako ekarpenagatik.

Jon Pertika Basurtun jaio zen, 1937. urtean. Bizitza osoa eman du dantzari lotuta. Aita Bilboko Dindirri dantza taldeko sortzaileetako bat izan zen, eta Jon bertan hasi zen dantzan.. Jonek berak, 1968an, Basurtuko Beti Jai Alai dantza taldea sortu zuen. Talde hau dinamizatzen eta zuzentzen eman ditu Jon Pertikak azken 50 urteak.

Azpimarratzekoa da Jon Pertikak Bizkaiko dantzak berreskuratzen eta hauei ikusgarritasuna ematen egin duen lana. Dantzak jaioterri bakoitzean egin izan dituzten moduan, gehigarri eta apaingarri barik, plazaratzea gustatu izan zaio beti. Fideltasun horren adibidea da, esaterako, Durangaldeko Dantzari-dantza egiteko, janzkera ezezik Iurreta elizateko banderaren kopia bat egin zutela.
Jon Pertikak beti izan du Durangaldearekin gertuko harremana eta Gerediaga elkartearekin zein eskualdeko dantza taldeekin lankidetzan izan da sarri. Durangaldeko Dantzari-dantzaren enbaxadore handiena izan da. Euskal Herrian eta munduan zehar folklore jaialdi askotan parte hartu du Basurtuko Beti Jai Alai dantza taldeak. Horri eskerrak, gurean dantzan ikasi eta Durangaldeko folklorea mundu zabalera eraman du.

Jon Pertikak eskualdeko fokloreaz egindakoa ez dugu Gerediaga Elkartean ahaztuko. Goian bego!