Sorginkeriaz zigortutako emakumeak gogoratu eta bardintasuna zein pentsamendu askatasuna aldarrikatzen ditu irudi berriak.

Ekainaren 9an, Gerediaga Elkarteak Merinalde Eguna gogoratzeko egin ziren ekitaldietan, duela 400 urte, sorginkeria salaketak erabiliz eskualdeko agintariek ipinitako zigor neurriak gogoratu ziren. Ondorengoei kalte-ordain modura barkamena eskatuz, eta bide batez berdintasuna eta pentsamendu askatasuna aldarrikatuz, manifestua ere sinatu zuten Durango Merinaldeko agintariek.

Gaur, sinatutako manifestua gogoratzeko irudia jarri dugu irudia Gerediagako foru zelaian: emakume itxurako silueta, zigortu zituzten izenbako emakumeei erreferentzia eginez. Ekitaldian, Arantza Atutxa Gerediaga Elkarteako kudeatzaileak, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak, Aitor Lopez Durango Amankomunazgoko presidenteak eta Iurreta, Garai, Izurtza, Zaldibar eta Otxandioko udal ordezkariek parte hartu dute.

Orain 400 urtekoa gogoratuz: Elizak onartuta zeukan Alonso de Salazar y Frias inkisidoreak Zugarramurdiko epaiketaren ostean egindako txostena eta sorginekeria gizarte ez jakintsu baten mito, bildur eta antzeko egoeren ondorioa zela aitortu zuen. Hala ere, Durangoko Merinaldeko agintariek ez zituzten elizaren korronte berriak jarraitu eta gizarteko uniformetasun sozial, politiko eta erlijiosotik kanpo zeudenak zigortzen jarraitu zuten.

Azpimarratzekoa da, 1617. urteko irailaren 3an, Durangoko Merinaldeko fidelek (alkateek), Gerediagako Batzarretan bilduta, sorginen kontrako neurriak hartu behar zirela erabakitzea. Baina 1618ean, Astolako kartzelan sorginkeriaz salatuta zeuden azken emakumeak askatu zituzten.

Kepa Junkera eta Sorgiñak kontzertua

Gerediaga Elkarteak Europako Ondarearen Jardunaldietarako diseinatu duen egitarauaren barruan egin da ekitaldia, eta jarraipena izango du ostiralean. Gerediagako foru zelaian izango da hitzordua arratsaldeko 7etan hasita. Lehenengo Belen Bengoetxeak eta Jon Irazabalek duela 400 urteko gertaerak gogoratuko dituzte eta ostean Kepa Junkera eta Sorgiñak taldearen kontzertua izango da. Ekitaldirako ez da aurrez izenik eman behar. Doakoa da. Baina, euria egin ezkero, Gerediagako ermita barruan izango da eta lekua, ermita barruko aforoa bete artekoa izango da.