Gerediaga Elkarteak antolatu duen 3. Pechakucha saioan, Durangaldeko gazte sortzaileen 4 egitasmo ezagutzeko aukera berria izan da.

Durangoko Goienkaleko 16. zenbakia gabon-girotu eta aurkezpen-saio labur eta arinetan eskualdeko gazteek eskuartean dituzten proiektuak ezagutzeko balio izan du.

Sorgiñola gaztetxeko ateneon egiten duten lana eta bertatik sortu den Bezbaz aldizkaria, Facebook sare sozialean Durangaldeko argazkizale talde batek abiatu duen Argazki Matadoia ekimena, Anartz Aranguena marrazkizale eta tatuatzaileak bere ibilbide artistikoa eta Atara Zarata antzerki taldekoek datorren urterako prestatzeko asmoa duten “Greasers” antzezlanaren nondik norakoak ezagutzeko balio izan du.
Durangoko Udalaren laguntzarekin burutu ahal izan den Pechakucha saioak jarraipena izango du datorren urtean.