Gerediaga Elkarteak, maiatzaren 30erako, Pechakucha saio berria antolatu du. Orain arte antolatu dituen laugarrena izango da. Durangoko Udalaren eskutik, Euskal Jaiak egitarauaren barruan egingo dira aurkezpen laburrak.

Pechakuchak japoniarrez berriketa esan nahi du. Pechakucha norbere ideiak modu bizkor eta original batean gainerakoei aurkeztea ahalbidetzen duen formatu bat da. Ideiak elkarbanatzea, proiektuak erakustea eta hauei buruzko hartu-eman nahiz solasaldi bat bultzatzea izan ohi dira pechakucha saioen helburua. Aurkezpen kreatiboak izaten dira, irudietan oinarrituta, 20 segunduro irudi bat erakutsiz. Eta guztira, 20 irudi. Horregaitiak 20x20 ikurrarekin irudikatzen da sarri.

Gerediaga Elkarteak munduan zehar ezaguna egin den formatua Durangaldera ekarri eta eskualdeko gazte sortzaileen lanak eta proiektuak ezagutzeko egitasmoa abiatu zuen 2017an. Maiatzaren 30ean, iluntzeko 20.00etan, izango dira aurkezpen laburrak Durangoko Andra Mari elizpean.


Honako bost aurkezpen izango dira:

Leire Unzueta – Argazkilaria
Natura eta bidaia argazkilaria da. Euskal Herriko basoetatik hasi eta munduan zehar ezagutu dituen lekuen argazkiak aurkeztuko ditu, furgoneta eta senarra lagun, azken hamar urteetako paisaiak gogoratuz.

Rush – Freerunner
Kultura urbanoan murgilduko gara. Parkour frantsesezko “ibilbidea” da eta horretan dihardutenei “traceurs” esaten diete. Freerunnerrak, berriz, akrobaziak nahiago dituzte. Durangaldean New-Gen batzen dira gazte freerunnerrak.

Keep Real Kultura
Euren esanetan “esperientziarik gabeko” bi gaztek sortutako arropa marka bat da. Hiru urte eta gero, ondo dakite zer nahi dute eurentzat eta euren ikusleentzat: giro ona eta baloreak.

Usue Egia – Ilustratzailea eta hezitzailea
Mundua beste perspektiba batetik ikusten eta ilustrazioaren bitartez adierazten saiatzen da. Gai sozialak eta zentzu gabeko umorea jorratzen ditu bere lan gehienetan. Istorioak kontatzea gustoko du.

Iñaki Etxezarraga “EtxE” – Musikaria
Musikan nola hasi zen eta 15 urtetik gorako ibilbidea nolakoa izan den kontatuko du. Gaur egun musika nola bizi duen eta egungo euskal musikaren egoera ere berbagai izango ditu. Amaitzeko, pare bat kantu ere eskainiko ditu.