Urrian zehar Durangoko Arte eta Historia Museoan 20 mapez osotutako erakusketa izango da ikusgai. Historian zehar, XVI. mendetik hasita, Durangaldea kartografian izan duen lekua ikusteko aukera dago. Ekitaldia Gerediaga Elkartearen 50. urteurreneko ekitaldien artean kokatuta dago.

 

DURANGOKO ARTE ETA HISTORIA MUSEOAK ORDUTEGI BEREZIA IZANGO DU URRIAREN 11tik 13ra

Goizez 11:00 -14:00 / Arratsaldez 17:00 - 20:00

Ramon Oleagaren bilduma pertsonaleko 20 mapez osotutako erakusketa honek garai ezberdinetako Durangaldea erakusten du. 1606koa da erakusketan ipinita dagoen zaharrena eta 2005ekoa berriena. Mapa bakoitzaren alboan, Durangaldeari dagokion detaile argazkia ere ikusgai ipini da, ikusleari eskualdeko ikuspegia gerturatzeko helburuarekin.

Erakusketaren osagarri bildumaren egileak berak idatzitako katalogoa argitaratu dugu Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Arte eta Historia Museoak. Kartografiaz orokorrean eta erakusketan dauden mapen irudiekin batera azalpenak ere jasota daude. Durangoko liburudendetan eta museoan bertan salgai dago 5 eurotan.

Durangaldeko kartografia izeneko erakusketaren inaugurazio ekitaldia ostiralean, urriaren 2an, arratsaldeko 19:00etan egingo da.

"Zuri-beltzean klik" eta Hitzaldi-zikloa

Mapen erakusketaz gain, "Zuri-beltzean klik" Durangaldeko argazki zaharren erakusketa ere ikusgai izango da Durangoko Arte eta Historia Museoan urrian. Ekainean hasita herriz herri ibili den erakusketa ibiltariaren azken geralekua izango da Durango.

Durangaldeko historian sakontzeko eta egindako ikerlanak zabaltzeko hitzaldi ziklo berezia ere egingo da. Urriaren 7an hasita, asteazkenero, 19:00etan, hitzaldi berezi bat egingo da "Historia astintzen" izenpean.