Arkeologiari esker Durangaldeaz zer dakigun jakiteko aukera izango da asteazken honetan, urriaren 7an, "Historia Astintzen" izenburupean egingo den hitzaldi zikloaren barruan.

Elkartearen 50. Urteurreneko egitarauaren barruan Durangoko Arte eta Historia Museoan Durangaldeko historian sakontzeko hitzaldi zikloa eratu du Gerediaga Elkarteak. Asteazkenero, arratsaldeko 19:00etan, berbaldi bat izango da. Lau berbaldi izango dira eta elkartearen ibilbidean eskualdea ikertu duten lau pertsona gonbidatu ditugu. Laurak gertuko ikerlariak dira, gure proiektu ezberdinetan laguntzaile izan ditugulako.

Lehenengo hitzaldia, urriaren 7an izango da. Belen Bengoetxea arkeologoak, UPV/EHUko ikerlariak eskainiko du "Arkeologiak 25 urteotan gure historiaz kontatu diguna" izenburupean.

Durangaldean asko izan dira egin diren lan arkeologikoak eta horrek ahalbidetu du eskualdea ikuspegi horrekin ondoen aztertu dena izatea. Aro historiko guztietan izan dira emaitza onak, baina batez ere Erdi Aroko ezagutzan lortu dira aurrerapauso handienak. "Durangoko Lurretan" egin diren lanean errepaso egingo du hizlariak, egin ziren sasoiko testuingurua kontatuz, parte hartu zutenak aipatuz eta izandako emaitzak nabarmenduz. Iraganera begiratzeaz aparte, etorkizunerako erronkak ere proposatuko ditu.

Hurrengo hitzaldiak honako hauek izango dira;

Urriak 14 – "Margarita Maturana. Edo zelan mundua aldatu Berriztik" (J. Manuel Cembellin – Eleiz Museoa eta "Todos los Apellidos vascos" ETBko saioko historialaria)

Urriak 21 – "Errioxa eta Durangaldearen harremanak" (J. Luis Lizundia – Euskaltzain emeritua)

Urriak 28 – "Aitaren Etxea. Baserria Euskal Herriko historiaren oinarrizko iturria" (Alberto Santana – UNED eta "Baskoniako historia bat" ETBko saioko zuzendaria)