Iurretako Udalak Gerediaga Elkartearen laguntzarekin herriko argazki zaharren bilduma bat eratu du eta herritarren kontsultarako jarriko du erabilgarri.

Iurretako Udalaren desanexioaren 25. Urteurrenaren harira, Montoiko zubian antolatutako argazki zaharren erakusketa prestatzen sortu zen ekimena. Iurretari buruzko zein argazki dauden jakin eta horiek herritarren eskura jartzea da helburua. Edonork kontsultatu dezakeen fono bat eta edonork ere aberastu dezakeen bere ekarpenekin.

428 argazki zaharrez osotutako bilduma bat da, bi liburukitan banatuta. Sei artxibo ezberdinetako erreferentziak jaso dira eta kontsultarako iturrien gida bat osatu da.

Bilduma honetarako aukeratu diren argazkiak aro analogikokoak dira. Gehienak, zuri-beltzean. Argazkirik zaharrena 1895ekoa da eta berriena 1993koa. Argazkien artean, nabarmentzekoak dira 1910 eta 1919an Santa Apoloniako zelaietako hegazkinen irudiak, bitxikeria direlako, edota Ebroko baserria zein aintzinako udaletxearen eraikinenak, egun ez daudelako.

Esandako moduan, sei artxibotako argazkiak erabili dira bilduma osotzeko:

  • Doliwa. Odi-Bakar enpresaren sortzaile alemaniarra, argazkizalea eta artxibo garrantzitsua utzi zuena.
  • Ojanguren. XX. Mende hasieran gipuzkorrak lan handia egin zuen eta Gipuzkoako artxibo nagusian daude gordeta gaur egun.
  • Angoitia anaiak. 1952tik 2005. Urtera arte Durangoko Foto Sol argazki dendako arduradunak izan ziren eta jatorriz Iurretako Santa Apolonia auzokoak.
  • Pablo Garitaonandia argazkilariak 1992-1993 urteetan Iurretako nekazaritza bizitzari buruz egindako ikerketarako egindako argazkiak.
  • Gerediaga Elkarteko artxiboa, batez ere, German Zorranquin durangarraren artxiboa jatorri dutela eta denboran berriagoak Jose Mari Uriarteren batzuk.
  • Joseba Agirre "Iketza" iurretarrak etxez etxe gaur egun ere biltzen jarraitzen duen artxibo zabala utzi digu. Bigarren liburukia oso osorik berari zor diogu.

Egitasmo honek, hiru helburu batzen ditu bere baitan: dagoena katalogatu eta eskura ipini, Iurretaren memoria bisuala eratzen joan eta oinarri bat sortzea, apurka sortzen diren berriak gaineratzeko balioko duena.

Bildumaren bost kopia egin dituzte. Horietako lau Iurretako Herri Bibliotekan izango dira erabilgarri eta bostgarrena, Gerediaga Elkarteak izango du. Nahi duenak, kontsultatu eta bere ekarpenak egin ahal izango ditu ale horietan.

contentmap_plugin