Gerediaga Elkarteak Azokaren 50. edizioa aurkeztu du gaur. Abenduaren 4tik 8ra egingo da eta jantzi berriarekin aurkeztu du bere burua:  DA!

Berezia izango da aurtengo edizioa; atzera begiratzeko tarteak izango dira, baina batez ere datozen 50 urteetako historia idazten hasiko da. 

Gerediaga elkartearen eta, horrenbestez, Durangoko Azokaren sortzaileek jasoko dute aurtengo Argizaiola saria. Saridunak honakoak izango dira: Jose Luis Lizundia, Leopoldo Zugaza, Carmen Miranda, Maria Concepcion Astola, Maria Rosario Astola, Arrate Salazar, Koldo Alzibar eta Jesus Astigarraga. Eurak izan ziren Gerediagako eta Azokako lehenengo hazia landatu zutenak. Argizaiola Sariak abenduaren 5ean banatuko dira San Agustin Kulturgunean. Durangaldeko Karrika Antzerki Taldea ari da ekitaldiaren diseinuaz arduratzen.

Durangko Azokaren historiari errepasoa eginez, liburua kaleratuko du Azokako egunetan. Jesus Maria Arruabarrena eta Joseba Sarrionandiaren artean idatzi dute. Azokaren 50 urteen bilduma osatu du lehenak, datu, gertaera eta testigantzekin. Bigarrenak, azken 50 urteetako euskal kulturgintzaren garaian garaiko kontakizun pertsonala egin testuinguru lokala eta globala uztartuz. Distantziak ematen dion perspektibatik, eta ia azoka guztietan presentzia izan duenaren gertutasunetik.

 Aurtengo edizioko kartela iragartzeko, Durangoko Azokak Euskal Herriko margolari ezagun baten artelana izango du: Jose Luis Zumeta usurbildarra izango da egilea, Euskal Herriko artista esanguratsuenetako bat. Kartelari dagokionez, margolariak adierazi du kartelak hartu duen forma modu estuan lotuta dagoela artista bezala bizi duen momentuarekin: "Normalean nire lanak lotuta egoten dira momentuan egiten ari naizen bestelako lanekin, bizi dudan momentuarekin". Modu naturalean irten zitzaion kartela egiteko ideia: "Burutazioa azkar sortu zitzaidan. Hasieran ez nuen ideia zehatzik, baina segituan hartu zuen giro bat: atsegina, deigarria, ederra... Jendea erakartzeko helburuagaz egin dut".

Aurkezpenaren kronika osotuagoa durangokoazoka.eus webgunean duzue aukeran.

 

contentmap_plugin