50. urte, 5 egunez, eta 250 ekitalditik gora. Berezia izango da Durangoko Azokako aurtengo edizioa. Urtemuga borobila, mugarria, ospakizuna. Eta borobila ere izango da Durangoko Azokako egitaraua: inoiz baino kultur ekitaldi gehiago egongo dira Durangoko Azokan.

Durangoko Azokak gaur aurkeztu du aurtengo edizioko egitaraua, Plateruena Kafe Antzokian egindako prentsaurrekoan. Bertan, Gerediaga elkarteko presidente Nerea Mujikagaz batera, Azokako zortzi guneen ordezkariak egon dira: Arrate Illaro (Irudienea), Itsaso Gangoitia (Saguganbara), Oihane Agirre (Azoka TB), Gorka Julio (Kabi@), Esther Soto (Areto Nagusia), Lutxo Egia (Ahotsenea), Erika Uranga (Plateruena) eta Eñaut Gantxegi, Arantza Arrazola eta Gorka Ganso (Szenatokia).

Nerea Mujikak azpimarratu duenez, "Gerediagako lehendakari moduan zer edo zer kolorez azpimarratu beharko banu herri-ekimena eta elkarlana dira. Durangoko Azoka gero eta plaza koloretsuagoa da. Gero eta eragile gehiagoren, gero eta ideia aberatsagoen eta gero eta elkarlan estuagoren emaitza da".

Kulturaren plazara gerturatzen diren lagunek, bost egunez (abenduaren 4tik 8ra), 250 ekitaldiz gozatzeko aukera izango dute: kontzertuak, solasaldiak, proiekzioak, umeentzako jarduerak, tailerrak, ikuskizunak eta abar. Hori guztia, 700 metroren barruan eta bost minutuko distantzian.

Dagoeneko www.durangokoazoka.eus webgunean egitarau guztia kontsultatu daiteke.