50. urteurrena mugarri hartuta, Gerediaga elkarteak Durangoko Azokaren ibilbidea biltzen duen liburua aurkeztu du Bilboko BBK aretoan. Liburuaren egileak Jesus Mari Arruabarrena, Joseba Sarrionandia eta Txelu Angoitia dira. Arruabarrena eta Angoitiagaz batera, honakoak elkartu dira prentsaurrekoan: Gerediaga elkarteko kudeatzaile Aitziber Atorrasagasti, BBK-ko Gizarte Ekintza arloko Ixone Zubieta eta Gerediaga elkarteko idazkari Asun Elorriaga.

Liburua Azokako egunetan erosi ahal izango da. Portadaren egilea Jose Luis Zumeta da, Azokako aurtengo kartela moldatuz. Liburua elebiduna da, 255 orrialde ditu, eta 20 euroko prezioan salduko da. Euskarazko parteak hartzen du nagusitasuna liburuko orri gehienetan, eta gaztelerazko bertsioa amaieran gehigarri modura erantsita dator.

Gerediaga elkarteak liburua kaleratu du Azokaren 50. urteurrena mugarri legez hartuta: azken 50 urteetako ibilbidea biltzeko, berau ezagutzera emateko eta hurrengo 50 urteetako historia idazten hasteko, etorkizunean ere begirada jarriz. Orain arte ez da horrelako bilketa-lanik egin Azokaren inguruan; 50 urte betetzeak horretarako aukera eman dio Gerediagari.

Liburua saiakera formatuan idatzita dago, baina irakurterraza eta dibulgatiboa da. Lan bisuala da eta maketazio aldetik erakargarria, zaindua: lasaitasunez irakurtzeko liburu bat da, gozatzekoa, eta, gordetzekoa. Euskal Herriko historiaren zati garrantzitsu bat biltzen duen lana da; euskal kultura eta Azoka bera barrutik ezagutzen eta ulertzen lagunduko duen liburua.

Jatorrizko artikulua www.durangokoazoka.eus webgunean irakurri.