Gerediagaren Dokumentategia: Leku berri bat egitasmo berritu batentzat
2025/10/09

Gerediaga Elkartea 1965ean sortu zenetik, helburu nagusi bat izan du: Durangoko Merinaldeak mendetan zehar izandako erakunde propioen eraginez sorturiko lurralde-nortasuna sendotzea eta berreskuratzea. Sentipen hauek partekatzen dituzten pertsona eta erakundeak bere baitan biltzen saiatzen da. Horrela, eskualdeko nortasuna berreskuratu eta indartzeko, hura osatu duten iraganeko eta egungo egitura fisiko, kultural, ekonomiko eta politikoak ikertu, zaindu eta zabaltzea izan da elkartearen lana. Horretarako, Durangaldearekin zerikusia duten gaiak eta egileen lanak bildu ditu, gure historiaren eta kulturaren testigantza biziak gorde eta partekatzeko asmoz.
Norabide horretan, Gerediaga Elkartearen dokumentategia jarri zen martxan, helburu orokorra Durangaldeko gaiak batu, sailkatu, gorde eta jendartearen eskura modu antolatuan jartzea izanik. Horrez gain, helburu zehatz gisa ditu Durangaldeko herrietako ondare materiala zein inmateriala ezagutzera ematea eta eskualdeko ondare historiko, kultural eta sozialaren inguruko ikerketa bultzatzea. Izan ere, ondare gaietan interesa duten herritarrentzat, historialarientzat zein ikerlarientzat iturri interesgarria da.
Azken urteetan, elkartea dokumentategia berritzen aritu da, jendartearen eskura jartzeko helburuarekin. Horretarako, sistema informatiko berria garatu du materiala katalogatu eta antolatzeko, eta kontsultarako aukera berriak ezarri ditu: webgunean materiala bistaratzeko aukera, mailegu-sistema berria eta dokumentategian bertan kontsultatzeko aukera.
Gerediaga elkarteak Astolan du biltegia, eta Durangoko Larrasoloetan duen egoitzan dago uneotan dokumentategia. Hala ere, elkarteak espazio faltaren arazoa dauka oraindik: jasotzen den materiala behar bezala gorde, katalogatu eta eskura jartzeko toki handiagoa behar du.
Espazio falta hori ikusita, azken urteetan egitasmoa sendotzeko pausoak aztertzen ibili da Gerediaga elkartea. Horrela, duela urtebete baino lehen Amankomunazgoarekin eta eskualdeko udalekin harremanak lantzen hasi zen, dokumentategia kokatzeko espazio berri bat bilatzeko asmoz. Interlokuzio horren barruan, Abadiñoko Udalak azaldu zuen herrian aukeraren bat aztertu zezakeela, eta horren ondorioz 2025eko udaberrian eskaria egin genuen ofizialki udalean, egitasmoa azaltzen zuen dokumentu batek lagunduta. Joan zen asteko osoko bilkuran lokal batzuen lagapena onartu zenez, proiektuaren informe teknikoa landuko du orain elkarteak, lokalaren egokitzapenen kostua bere gain hartzeko.
Dokumentategian gordetako materiala
Azken hiru hamarkadetan honako material hau batu du Gerediagak:
● Argazkiak: 15.000 irudi digitalizatuta, eta beste hainbeste fitxatu barik. Bilduma aipagarrien artean daude German Zorraquin, Ricardo Doliwa, Alejandro Landaburu, J. I. Ansorena Olazaran, Maristak eta Jesuitak ikastetxeetako artxiboak…
● Liburuak: Guztira 3.102 liburu, Durangaldeari buruzko informazioa jasotzen dutenak: gai monografikoak, toponimia edo erreferentzia onomastikoak dituztenak, eta baita Durangaldeko idazleen lanak ere.
● Aldizkariak: 1968tik aurrera bilduak, 1.992 ale guztira. Durangaldean argitaratu diren 70 aldizkaritik gora (Eraz bilduma osoa, Ibaizabal, Txistu y Tamboliñ…).
· Eskuizkribuak: 1.764 dokumentu biltzen ditu. Nabarmentzekoa da, adibidez, 1410eko "Carta de tregua y perdón otorgada por Martín Sánchez de Marzana, señor del solar de Axpe de Marzana en favor del Concejo de Mondragón por la tala y quema de la torre de Marzana, ocurrida en 1387”. 1410. urteko azaroaren 28an idatzitako eskuizkribua da, Arrasateko Uribarri Atutxako Andra Marian. Gerediagako Batzar Nagusien lehen aipamen dokumentala da.
● Liburu zaharrak: 1958ra arteko 260 liburu gordetzen ditu.
● Postalak eta grabatuak: 615 elementu.
● Datu-baseak: Durangaldeko landa-arkitekturaren datu-basea (2002): 1.509 elementu fitxa eta argazkiekin.
● Soinu grabaketak. 200 soinu grabaketa daude dokumentategian, horietako batzuk azokakoak.
Eduki hori zelan kontsultatu
Gerediaga Elkartearen dokumentategiko materiala hiru modutan kontsulta daiteke: webgune honen bidez, maileguz edo kontsulta presentzialean. Webgunean materiala bilatu eta mailegu eskaerak egin daitezke; material jakin batzuk, berriz, maileguan hartu eta etxera eraman daitezke. Euskarri bereziak edo egoera zaurgarriko materialak, hala nola argazkiak edo liburu zaharrak, bulegoan bertan kontsultatu behar dira hitzordua eskatuta.
Etorkizuneko espazio berrian aurreikusten dena
- Erabilera anitzeko gela: Materiala kontsultatzeko espazioa. Bigarren funtzio bat ere beteko du: hitzaldi edo aurkezpenak egiteko edo bestelako jardueretarako areto txiki baten itxura hartu dezake.
- Artxiboa: Materiala gordetzeko apalategi mugikorrak hartuko ditu. Espazio itxia izan behar du, tenperatura eta hezetasuna kontrolatzeko tresnekin.
- Lan-eremua: Ikus-entzunezkoen digitalizaziorako eta bestelako lanetarako.
- Laborategia: Argazkiak digitalizateko laboratorioa. Funts fotografikoak askotariko euskarrietan jasotzen dira: kristalezko negatiboak, plastikozko negatiboak edota papera. Horiek behar bezala digitalizatzeko laborategia izatea behar-beharrezkoa da.
- Bestelako zerbitzuak: komunak, biltegiak eta abar.