• TaupaDA! leloarekin euskal kulturgintzak bizi jarraitzen duela erakutsiko du 55.edizioak
• Abenduaren 5etik 8ra, online bertsioa ere izango du Azokak

Gerediaga Elkarteak 55. Durangoko Azoka abenduan antolatzeko asmoa erakutsi du. Ziurgabetasunez betetako egoeran egon arren, Azoka “normaltasun berrira” egokitu eta antolatzeko erabakia hartu du elkarteak. Nerea Mujika presidenteak eta Arantza Atutxa kudeatzaileak eman dute erabakiaren berri.

Nerea Mujikak kulturak konfinamenduan izan duen paper garrantzitsua azpimarratu du “salbatu egin” gaituela esanez. Sektore kaltetuenetako bat kulturgintza izan dela eta “zeinen beharrezko ditugun” ohartzeko balio izan duela gaineratu du. Kultur sortzaileek egoerari eutsi diotela nabarmendu du.

Aurtengo ediziorako aukeratutako TaupaDA! leloarekin mezu baikorra eman nahi du Gerediaga Elkarteak. Euskal kulturgintzari auspoa emanda, bizia ematen jarraitu nahi du, babestu eta bizi dagoela erakutsi. Durangoko Azoka, beste urte batez ere, euskal kulturaren topaleku izaten jarraituko du.

Azoka birtuala ere izango da

55. Durangoko Azoka egoera berrira moldatuta antolatzeko lanean ari da Gerediaga Elkartea. Horretarako, azokaren ekosistemako eragileekin bildu da eta guztien ekarpenetatik egituratzen dabiltza aurtengoa.

Lau eguneko azoka izango da, abenduaren 5etik 8ra, larunbatetik asteartera. Ostiraleko goiza, berriz, ikastetxeei zuzendutakoa, digitalean moldatutako programazioan oinarrituko dute aurten.

Egoera berri honetan jarraitu beharreko osasun eta segurtasun neurriak betetzeko, protokolo berezia lantzen eta diseinatzen dabil. Ezaugarri nagusietako bat, jende pilaketak ekiditea izango da, tartean sarrera kontrolatuz.

Egitarauari dagokionez ere, ildo beretik – osasun eta segurtasun protokoloari jarraituz – zuzeneko aurkezpen, emanaldi eta ekitaldiak murriztu egingo dira, eta ikusle kopuru murriztu eta kontrolatu batentzako izango dira. Aldiz, streaming emanaldiak eta nahieran webgunetik jarraitzeko aukera egokituko dute.

Azokak berak ere, online bertsioa izango du. 2020ko argitalpen eta produktuen denda birtuala izango du www.durangokoazoka.eus webguneak. Beraz, etxetik azokara sartu, urteko nobedadea erosi eta erositakoa etxean jaso ahal izango du nahi duenak.

Arantza Atutxa Gerediaga Elkarteko kudeatzaileak, 55. Durangoko Azoka zer izango den zehazteko lana daukatela oraindik gaineratu du, baina antolaketa “momentuko egoerara, eta ahal den heinean, egoikitzen joango” direla azpimarratu du.