Irailaren 6tik 19ra Durangoko Azokarako izena ematea zabalik egongo da. 56. Edizioa abenduaren 3tik 8ra egingo da aurten, aurrez aurreko azoka eta online salmenta uztartuz. Gerediaga Elkarteak kudeatzen duen “Durangaldeko argitalpenak” stand amankomunean eskualdeko sortzaileek eta eragileek euren lanak saltzeko aukera daukate, eurentzat inolako kostu barik. Ekimena, Durango Merinaldeko Amankomunazgoak babesten du.


“Durangaldeko Argitalpenak” standean amankomunean parte hartzeko ondoren adierazten diren eskakizunen bat betetzen dituzten eta helbide fiskala Durangaldeko udalerriren batean duten sortzaileek, enpresek (argitaletxeek, disko etxeek, ekoizpen enpresek, banatzaileek), elkarteek edo erakunde ofizialen edo beste erakunde batzuen argitalpen zerbitzuek hartu ahal izango dute parte:
• Aurkeztutako produktuak Durangaldeko gaiei buruzkoak izatea, hizkuntza edozein dela.
• Euskarazko sorkuntza lanak edo elebidunak (hizkuntzetako bat euskara izanda)


Durangoko Azokan izena emateko, durangokoazoka.eus webgunean erregistratu behar da.