36 lan aurkeztu dira lehenengo deialdian.
Durangoko, Zaldibarko eta Zornotzako 29,18 eta 17 urteko ikerlari gazteek 500 eurona eskuratu dituzte sari modura. Eskualdeko paisaiaren eraldaketa, 60-70 urteetako etorkinen bizipenak eta Durangaldeko leku esanguratsuetan zehar bidaia dira proposamen irabazleak.

 

Durangaldeko ondarea, historia, kultura eta gizartearen zaintza, ikerketa eta zabalpenarekiko zaletasuna eskualdeko gazteen artean bultzatzeko helburua izan du Gerediaga Elkarteak Durangoko Merinaldeko Amankomunazgoaren babesletzarekin antolatu duen Sariketak.
Guztira, 36 lan aurkeztu dira. Gehienak 16-18 urte arteko gazteen proposamenak izan dira eta ikus-entzunezkoa izan da formatu erabiliena.
Hiru lan saritu dira lehen edizioan, eta irabazle bakoitzak 500 euroko saria eskuratu du.


Irabazleak:
Peio Martin Estevez ( Zornotza, 17 urte) - “Elkarrizketa amamarekin”
Lorcatik (Murtzia) Euskal Herrira bizitzen etorritako amamaren bizipenak jasotzen dituen ikus-entzunezko laburra da. Epaimahaiak gaia ausarta dela iritzi dio. Pertsonaia nagusiaren aukeraketa ere borobila izan dela nabarmendu du: gertukoa eta hungikarria. Lekukotzaren balio historikoaz aparte, teknikoki – gidoia eta muntaia kontuan hartuta – ondo egindako lana da.

IKUSI BIDEOA


Ibone Gomez Tamayo (Zaldibar,18 urte) - “Euskal bidaiariak”
Durangaldeko herri ezberdinetatik bidaia egitea proposatzen du ikus-entzunezkoak, eta herri bakoitzeko leku esanguratsuenak aurkezten ditu.
Epaimahaiak formatua nabarmendu du saria emateko, lana ikuserraz egiten duelako. Gainera, jasotzen duen informazioa ondo jantzita dago eta era entretenigarrian azaltzen du.

IKUSI BIDEOA

 

Adrian Burgada Ereño (Durango, 29 urte) - “Ibaizabal ibaia”
Ibaizabal ibaiaren Goi-Arroko landa-paisaiaren bilakaera aztertzen du idatzizko ikerketa-lanak. Horretarako, Europako Corine Land Cover programa, Euskadiko Baso Inbentarioak eta PNOA programak aurkeztutako kartografia aztertu eta galera-mailaren hurbilketa kuantitatiboa zehaztu du.
Ikerketa landua dela nabarmendu du epaimahaiak, teknikoki ondo antolatuta eta zehatza, lan bibliografiko interesgarriarekin. Testuaz gain, egileak artikuluan jasotzen diren argazkiak egin ditu eta mapa zein grafikak asko erabili ditu gaia azaltzeko.


Saritutakoen artean lan idatzi bakarra da eta Gerediaga Elkarteak, udazkenerako prestatzen dabilen ASTOLA urtekariaren 16. zenbakian ikerketaren laburpen bat argitaratzeko aukera emango dio Adrian Burgada irabazleari.

Epaimahaia Durangaldeko eta arlo ezberdinetako hiru gaztek osotu dute: Iruri Altzerreka Martinez (Garai) zuzenbide ikaslea, Helene Sanchez Zelaia (Abadiño) bioteknologian graduatua eta Liher Larrañaga Gabiria (Elorrio) ikus-entzunezko komunikazioan aritua.