1936ko gerrak Abadiñon izandako eraginak jaso dituen liburua aurkeztuko du Gerediagak
2026/04/15
1936ko altxamendu faxistak eta ondorengo gerrak Abadiñon izandako eraginak ikertu ditu Gerediaga elkarteak, Abadiñoko Udalak babestutako egitasmoan. Duela urte bi abiatu zen ikerketa prozesua, eta lan horren ondorioak jasotzen dituen liburua datorren apirilaren 23an aurkeztuko du jendaurrean. Errota kultur etxean izango da ekitaldia, 18:30ean. Jesus Mari Arruabarrena abadiñarrak idatzi du liburua, ikerketan parte hartu duen talde zabalaren ekarpenak aintzat harturik. Beraz, talde-lan baten emaitza da.
1936ko gerraren oihartzuna. Abadiñarren testigantzak izeneko liburuak gertakari historikoak, artxiboetako datuak eta herritarren testigantzak batu ditu. Urteetan isilpean, norbanakoen memorian geratu izan diren istorioak argitara ateratzea izan da egitasmoaren helburua, herrian gerraren biktima izan zirenen oroimena eta aitortza landu daitezen. Ikerlan indibidual edo artikulu puntualetatik aparte, Abadiñoko memoria historikoa sakontasunez aztertu duen lehenengo ikerketa izan da. Horrela, Abadiñoko iragana ulertzeko baliagarria den lan garrantzitsua da hilaren 23an aurkeztuko dena.
Liburuaren atalak
Liburua hainbat ataletan banatuta dago. Arruabarrenak idatziriko kontakizuna gerraurreko testuingurua azaltzen hasten da, Abadiñoko egoera soziopolitikoan kokatuz; gero, gerrako pasarteak eta gaiak jorratzen ditu, bildutako datuak eta lekukotzak tartekatuz. Informazio berriak plazaratuko dira horri esker: Abadiñon izandako borroka eta erasoak, fusilamenduak, espetxeratzeak, karguen depurazioak…
Horrez gainera, Jimi Jimenez historialariak gerrarekin zerikusia izan zuten abadiñarren zerrendak osatu ditu, eta liburuko azken atal bezala ageri dira. Zerrendak tipologien arabera sailkatuta daude: gudari eta milizianoak, langile batailoietara behartuak, epaituak, errefuxiatu eta ebakuatuak, bonbardaketetan hilak eta zaurituak, fusilatuak, eskumatarrak, soldadu eskumatarrak, mobilizatuak, industriako langileak eta bestelakoak. Pertsona horien guztien biografia laburrak QR kode baten bidez erantsi ditu liburuan Jimenezek.
Bestalde, aipagarria da Mila Salterain eta Luis Berrizbeitiaren hitzaurre batek zabaltzen duela argitalpena.
Ikerketaren pausoak
Lan luze eta sakona dago liburuaren oinarrian: dokumentazioa aztertu, aldizkari zaharrak kontsultatu, argazkiak lokalizatu, elkarrizketak garatu… Arruabarrenarekin batera, hainbat ikerlari eta eragile ibili dira lanean prozesuan zehar. Jimi Jimenez historialaria Euskal Herriko eta Espainiar Estatuko artxiboak arakatzen ibili da, Marta Calvo ikerlariak Auxilio Socialari buruzko azterketa sakondu du eta, eragileen aldetik, Gerediaga elkarteko eta Durango 1936 elkarteko kideek parte hartu dute. Bestalde, informazio iturri bezala ekarpena egin duten hainbat norbanakoren laguntza ere izan dute.
Testigantzak ikusgai
Prozesuan zehar 40 bat herritarrekin solasaldiak izan dituzte ikerlariek, eta horietako hogei bideoan grabatu ere bai, Durango 1936 elkartekoen laguntzaz. Testigantzak garaia.gerediaga.eus webgunean egongo dira ikusgai apirilaren 23tik aurrera.
Ikus-entzunezko horien lagin bat ikusi ahalko dute apirilaren 23ko aurkezpen ekitaldira batuko diren herritarrek.
Liburua salmentan
1936ko gerraren oihartzuna. Abadiñarren testigantzak izeneko liburua ekitaldian bertan egongo da eskuragarri (euskaraz zein gazteleraz, bi bertsiotan). Hortik aurrera, Abadiñoko Estankoan, Petite kioskoan eta Durangoko Arteka, Etxebarria, Hitz eta Urrike liburu-dendetan ipiniko dute salgai. Gainera, online erosi ahalko da, Elkarren webgunearen bidez.