1936ko gerran Abadiño 14 aldiz bonbardatu zuten altxamenduaren aldeko faxistek


2026/04/23


Ikerketa duela urte bi abiatu zuten, eta horren emaitza Jesus Mari Arruabarrena abadiñarrak idatzi du. Gerra garaiko gertakari historikoak, artxiboetako datuak eta herritarren testigantzak batu ditu lanean. Herri-oroimena jasotzeko ariketa honetan lan-talde zabala izan du lagun. 

Abadiñoko memoria historikoari buruz ez da azterketa orokorrik garatu orain arte. “Balio eta garrantzi handiko ikerlana da. Izan ere, informazio berri ugari jaso dute ikerlariek eta zenbait gertakari argitzeko balioko du. Altxamendu faxistaren eta ondorengo gerraren biktima izan zirenak gogoratzea eta aitortzea izan da helburua”, adierazi dute Gerediaga elkarteko ordezkariek. Abadiñoko Udalak ere ekimena eskertu du. "Abadiñoko Udalak herriko memoria historikoa berreskuratzeko hautua egin du, eta, lan honek, aurrerapauso handia suposatzen du. Eskerrak eman nahi dizkiogu Gerediaga elkarteari eta testigantzak eman dituzten herritarrei. Denon artean Abadiño memoria duen herria izatea lortuko dugu", azaldu dute udal arduradunek.

Gerrarekin zerikusia izan zuten 294 abadiñarren zerrendak publikatu dira liburuan, Jimi Jimenez historialariak landutako atalean. Zerrendak tipologien arabera sailkatuta daude: gudari eta milizianoak, langile batailoietara behartuak, epaituak, errefuxiatu eta ebakuatuak, bonbardaketetan hilak eta zaurituak, fusilatuak, eskumatarrak, soldadu eskumatarrak, mobilizatuak, industriako langileak eta bestelakoak (ikerketarako kontsultaturiko artxiboen zerrenda behean). Horien guztien biografia laburrak QR baten bidez erantsi dira liburuan, eta dokumentua webgune honetako Dokumentategian dago ikusgai.

 

Abadiño 14 aldiz bonbardatu zuten faxistek

Ikerketari esker emaitza eta ondorio esanguratsuak azaleratu dira. Esaterako, nabarmentzekoa da altxamenduaren aldeko faxistek sarritan bonbardatu zutela Abadiño. Lehenengoz, 1936ko irailaren 29an, Lebarion bonba bat bota zutenean. 1937ko apirilean Urkiola bost egunetan bonbardatu zuten, Saibi lautan, eta Arteagabason ere jaurti zituzten bonbak egun batez. Dokumentazioetan aurkitutakoez gainera, testigantzei esker beste zonalde batzuetan ere antzeko erasoak izan zirela jakin dute ikerlariek: Amaitermin auzoan, Muntsaratzeko Aldekoaurre baserrian eta Atzategi baserrian.

2024an Gerediaga elkarteak Durangoko bonbardaketei buruzko ikerketa berria garatzean, lau pertsonaren heriotza agirietan ‘Bombardeo Abadiño’ deskribapena jartzen zuen, Basurtoko ospitaleko sarrera erregistroan Durangoko bonbardaketatik zetozela zehaztu zuten arren: Teodora Arieta-Araunabeña, Feliciana Arrieta, Antonio Garaigordobil eta Estefana Agirre. Hori dela eta, kasu horien inguruan ikertzeko beharra azaleratu zuen Gerediaga elkarteak. Bada, Abadiñon garatu den azterlanaren ostean, ezin da egiaztatu 1937ko martxoaren 31n Abadiño ere bonbardatua izan zenik. Izan ere, Arieta-Araunabeña eta Arrieta Durangoko bonbardaketaren ondorioz hil zirela informatu dute senideek, eta Garaigordobil Amaitermiñen izandako eraso baten eraginez, apirilaren 1ean. Agirreren kasua geratzen da soilik argitzeke.

Ikerketan jasotako datuen arabera, 1936an eta 1937an Euskal Herrian eginiko bonbardaketa ugarietan gutxienez 23 abadiñar hil zituzten faxistek, eta beste 7 zauritu ere bai. 


Alemaniarren presentzia eta Saibiko borrokak

Abadiñon soldadu alemaniar nazien presentzia egon zela azaldu du ikerketak. Lekukoen testigantzek erakutsi dute Gerediaga auzoan eta inguruko basoetan hainbat soldadu egon zirela, baita herriko elizpean zein abadetxean ere. Besteak beste, gerrarako tankeak erabilita gauzatu zituzten erasoak.

Saibi mendian, gerrako bataila gogorrak jazo ziren; gudari eta miliziano askok galdu zuten bertan bizia. Horri buruzko hainbat informazio bildu du liburuan Arruabarrenak, orain arte eginiko ikerketak eta abadiñarren kontakizunak aintzat hartuta.


Errepresioa udalean eta herrian

Francoren aldekoek garaipen militarra lortu eta agintea hartu zutenean, errepresioa ezarri zuten udalean zein herrian. Udaleko zenbait kiderekin batera herrian antolaturiko defentsa komitearen buru izatea egotzi zioten Jose Mari Angulori, eta Larrinagan espetxeratu zuten. Heriotzera zigortuta, 1937ko abuztuaren 5ean fusilatu zuten. 

Hauteskundeetan demokratikoki hautaturiko ordezkarien aurka egin zuten. Abadiñon, Sotero Badaia alkatea eta bost zinegotzi errepresaliatu zituzten gutxienez: Patxi Iturriagagoitia, Hipolito Ardanza, Pablo Agirre, Martzelo Munitxa eta Maurizio Zubero. Sotero Badaia alkatea, Durangon egun batzuk igarota Upomendi itsasontzira eraman zuten, eta ondoren kartzelarik kartzela ibili zuten: Larrinaga, Iruñea, Ezkaba, Astorga eta Xixon. Ezkabako ihesean ere parte hartu zuen, bere ondorengoek kontatu dutenez. 1943ra arte egon zen preso.

Udal ordezkariez gainera, bederatzi langileren depurazioak egin zituzten faxistek. Horietako bi, Luzio Usabel aguazila eta Antonio Emilio Basterretxea idazkaria, kartzelara zigortu zituzten.

Udalean bezala, herrian ere atxiloketa ugari egin zituzten. Besteak beste, Emakume Abertzaleen Batzako presidentea eta presidenteordea, Julia Abaitua eta Josefina Iturriagagoitia, Orueko kartzelan sartu zituzten.


Gerraostea ere gogorra

Testigantzetako istorioek erakusten dute gerraostea gerra bezain gogorra izan zela askorentzat. Debeku eta jazarpen politikoak aurrera eraman zituzten frankistek eremu askotan; esaterako, aipagarria da hainbat emakumeri ilea moztu zietela. 

Frankismoko doktrina ezarri zuten eskolan eta kalean. Auxilio Socialeko barnetegi bat ere antolatu zuten, Piedad Bengoetxearen jabeko etxea errekisatuta. 3 eta 7 urte arteko umeentzako zen, eta diktaduraren balio eta sinesmenak barneratzeko helburua zuen. 1939-1940an zabaldu eta 1950eko hamarkada hasierara arte egon zen barnetegia martxan. Atal hori idazteko, Marta Calvo ikerlariaren lana eta herritarren informazioak hartu ditu oinarritzat Arruabarrenak.

Bestalde, hainbat lekukok kontatu dute gosea sufritu zutela, eta elikagaien errekisak eta konfiskazioak egon zirela. 


Elkarrizketak ikusgai

Jesus Mari Arruabarrena eta Gerediaga elkarteko kideez gainera, Durango 1936 elkarteko kideek ere lagundu dute elkarrizketak egiten. 40 herritarrekin solasaldiak izan dituzte, eta horietako hogei bideoan grabatu ere bai. garaia.gerediaga.eus webgunean daude ikusgai.


Liburua salmentan

1936ko gerraren oihartzuna. Abadiñarren testigantzak izeneko liburua (euskaraz zein gazteleraz, bi bertsiotan) Abadiñoko Estankoan, Petite kioskoan eta Durangoko Arteka, Etxebarria, Hitz eta Urrike liburu-dendetan dago salgai. Gainera, online erosi ahalko da, Elkarren webgunearen bidez.


 

* Hurrengo artxiboak kontsultatu dira ikerlanerako 

Abadiñoko Udal Artxiboa, Abadiñoko Bake Epaitegia, Elizaren artxiboak, Durangaldeko epaitegiak, Bilboko Udal Artxiboa, Bilboko edo Basurtuko Ospitale Zibila, Bizkaiko Foru Artxibo Historikoa, Bizkaiko Probintziako Artxibo Historikoa, Euskadiko Artxibo Historikoa, Memoria Historikoaren Dokumentazio Zentroa, Artxibo Historiko Nazionala, Administrazioaren Artxibo Orokorra, Espetxe Ministerioaren Artxiboak, Avilako eta Guadalajarako Artxibo Militar Orokorrak, Ferroleko IV. Lurralde Auzitegi Militarraren Artxiboa, Aldizkari Ofizialak, Gogora Institutuaren datu-basea eta egunkari zaharretako hemerotekak.