Durangoko Azoka, 60 urteko ibilbidea ospatu eta hauspotzeko Kulturaren Jaialdia


2025/10/17


60 urteko ibilbidea egingo du aurten Durangoko Azokak, baina data borobil baten ospakizunean zentralitatea jarri beharrean, urte hauetan guztietan garatutako ibilbidean jarriko du arreta. Hala azaldu du Beñat Gaztelurrutia Gerediaga elkarteko koordinatzaileak: "Urteurren seinalatu honetan ere, ospakizun handietan indarra galdu ordez, honaino ekarri gaituen egiteko moduari eutsi eta berrikuntza batzuk txertatuko dizkiogu Azokari, egokitzen eta hobetzen jarraitzeko asmoarekin".

Kulturaren jaialdia

Aurtengo edizioari lotuz, bi berrikuntza nagusi aurkeztu nahi izan ditu oraingoan. Batetik, azkenaldian urtero asmatu den leloaren dinamika eraldatu eta, hemendik aurrera, geratzeko etorri den lerroburu edo claim berri bat sortu dutela adierazi du: “Kulturaren Jaialdia”. "Durangoko Azoka Kulturaren Jaialdia da, adierazpide artistiko asko batzen dituelako, euskarazko eta tokiko sorkuntza, artistak eta zaleak protagonista harturik. Durangoko Azoka Kulturaren Jaialdia da topaketa profesionala eta herrikoia delako, eta herritarrei  nortasun kulturala bizitzeko, ospatzeko eta garatzeko aukera ematen dielako". Gainera, kultur eredu herritarra izatea nabarmendu du Gaztelurrutiak: “Kultur eragileek antolatua, sektoreko profesionalekin elkarlanean eta erakunde publikoen laguntzarekin. Horrek guztiorrek egiten du Durangoko Azoka kulturaren jaialdi", berretsi du.

Unibertso bisual bat

Aurten, Durangoko Azokak ez du kartel bakarra izango: “guztiak izango ditu”. Halaxe azaldu du Iratxe Reparaz aurtengo iruditegiaren egileak. Esplikatu duenez, azokak egindako eta egiteke duen ibilbidea oinarri hartuta garatu du aurtengo unibertso bisual berria. 

Durangoko Azokaren sortzaile eta bultzatzaile guztiei eskerrak emanez hasi du hitzaldia Beñat Gaztelurrutia Gerediaga elkarteko koordinatzaileak, eta aipamen berezia egin dio Izaskun Ellakuriaga Bustinzari, urte luzez Durangoko Azokaren antolakuntzan ibilitako Gerediaga elkarteko lankide ohiari. “Dakizuenez uztailean joan zitzaigun, eta, beraz, sarrerako hitz hauek berarentzat dira. Aurtengo edizio honetan hogei urtez euskal kultura sustatzeko eginiko lana gogoratu eta aitortuko dugu”, azaldu du. 

Info+: durangokoazoka.eus