Garaiko ondarea biltzeko egitasmoa abiatu dute udalak eta Gerediaga elkarteak
2026/06/15
Garaiko ondarea biltzeko lanean hasi da Gerediaga elkartea, Garaiko Udalak bultzaturik. Datozen hilabeteetan garatuko den egitasmoak izaera etnografikoa du, hiru adar izango dituelarik: elkarrizketak, material grafikoaren bilketa eta herriko etxeetan gordeta dauden eskuizkribu eta dokumentuen inbentarioa. Beraz, herriko ondare materiala eta ez materiala jasotzea da egitasmoaren helburua.
Lanaren beharrizana erakutsiz, Garaiko Udalak Gerediaga elkartera jo zuen, Erramun Osa alkatearen ustez erreferentziazko elkartea delako. "Herri baten ondare materiala eta ez materiala mintzajardunean; bizipenetan; kontakizunetan; belaunez belaun transmititzen diren ohituretan; toki-izenetan; etxeetan gordeta, baliorik ematen ez diegun paperetan eta abarretan islatzen da. Herri erakundeen zeregina da ahalegintzea horiek guztiak ikertu, arakatu eta bil daitezen, ondoren datozenei transmiti dakien. Nondik datorren ez dakienak, zer izatera iritsi den barruratzen ez duenak, enborrik ez duen arbola bat ematen du”, azaldu du Osak.
Gotzon Gomez Gerediaga elkarteko presidentearen ustez, ondarearen bilketak historia ulertzeko gakoak eman ditzake. “Herritarren kontakizunak entzunda eta etxeetan egon daitezkeen dokumentuak aztertuta, Garaiko herriaren historian barneratuko gara. Lana baliozkoa eta interesgarria izango dela uste dugu”, azaldu du Gomezek. Gerediaga elkarteak lan-talde bat osatu du egitasmoa aurrera eramateko, eta ikerlariek herritarrengana joko dute informazioa, eta dokumentuak kontsultatzeko helburuz.
Bizimodua aztertzeko elkarrizketak
Elkarrizketen funtzioa Garaiko bizimoduari buruz berba egitea izango da, hainbat gairen bueltan: etxearen arkitektura eta diseinua, ogibideak, elikadura, errituak, kantuak, jolasak, eskola, auzolana… Elkarrizketatu bakoitzak bizi izan duenetik eskainiko du bere kontakizuna.
Solasaldi horiek bideoan grabatuko dituzte, gerora sarean bistaratzeko asmoarekin.
Irudiak eta dokumentuak, iraganaren isla
Irudi zaharrek iraganeko bizimodua islatu eta arrasto fisikoak erakusteko balio dutenez, material grafikoaren bilketa egingo da egitasmoaren barruan.
Bestalde, baserrietan egon daitezkeen dokumentu zaharrak askotarikoak dira, eta herriko historian zein ohituretan sakontzeko baliagarriak. Izan ere, familia, jabetza, nekazaritza-jarduera eta komunitateko harremanen irudi osoa eskaintzen dute. Etxeetan gorderik dagoen ondare horren guztiaren inbentarioa egitea da Gerediaga elkartearen eta udalaren nahia.