Gutun Zuria jaialdiko saria jaso du Gerediaga Elkarteak, Valerie Milesekin batera
2026/02/25
Gutun Zuria literatur jaialdiaren 19. edizioa abiatu da Bilbon, eta hasierako ekitaldian eginiko sari banaketan izan dira Gerediaga Elkarteko kideak. Izan ere, 60 urteotan Durangoko Azokarekin euskal literatura sustatzen eginiko lana aitortu nahi izan du jaialdiaren antolakuntzak. Gotzon Gomez presidentea eta Asun Elorriaga lehendakariordea izan dira BBK-k eskainitako saria jasotzen.
Durangoko Azoka egokitu egin da urtez urte, diziplina anitzetara jauzi egin du, eta urtero ehunka nobedaderen erakusleiho izaten da. "Sorkuntza aberatsekoa da gure herria, eta azokan ehunka nobedade aurkezten dira urtero. Baina, euskarazko kulturak hartzaileak behar ditu, eta horregatik da garrantzitsua Durangoko Azoka, sortu eta 60 urtera ere. Sari honek gure misioan aurrera egiteko indarra ematen digu", adierazi dute elkarteko zuzendaritzako kideek.
Gerediagarekin batera, Valerie Miles editore estatubatuarrak jaso du saria. Ibilbide luzea du literaturaren sustapenean, eta nabarmentzekoa da euskarazko ekoizpena ingelesera itzultzen egin duen ekarpena.