Martxoak 31: Biktimen oroimena, gerraren aurkako aldarri
2026/04/01
Faxistek Durango eta Elorrioko bonbardatu zituztela 89 urte bete direnean, jendetza batu da Gerediaga elkarteak eta Kriskitin dantza taldeak antolaturiko ekitaldian. Hainbat sortzaile eta talde igo dira taulara: Kriskitin, Jaizale, 4Kote taldea, Eneritz Bereikua, Garoa Bugallo, Aitor Etxarte, Aritz Lasarguren eta Uribarri Atxotegi. Ane Pinés izan da aurkezle.
Gotzon Gomez Gerediaga elkarteko presidenteak egin du berba ekitaldian. Gaur egun munduak bizi duen egoerari erreparatuta, gerra-kanpaiak jo eta jo ari direla ikusten dugula azaldu du. "Bonbardaketa planifikatuekin egiten diren gerra modernoek Durangon dute aurrekarietako bat, eta guk ondo dakigu zein den horren emaitza: gizarte zibilaren heriotza eta herrien suntsiketa. Hori dela eta, gaurko ekitaldi honetan, biktimen oroimena gerraren aurkako aldarri bihurtzea ere nahi dugu", adierazi du Gomezek. Memoriaren transmisioaren garrantzia nabarmendu du, eta lan horretan jarraitzeko, Durangaldeko gerrako haurren ikerketan laguntzera animatu ditu herritarrak.
Bonbardaketaren biktimak gogoan hartuz amaitu du berbaldia Gerediagako presidenteak. "Gure oroimenean eta bihotzetan gorderik ditugu bonbardaketaren biktima izan ziren herritar guztiak. Abestiak dioen bezala, baziren eta bagara, eta memoria da gure lotura".