23 eragileren 90 lan eskuragarri izango dira “Durangaldeko argitalpenak” erakusmahaian


2023/11/27


Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoaren babesarekin, 58.Durangoko Azokan ere Durangaldeko argitalpenek leku berezia izango dute.

Dagoeneko 19 urte bete dira Gerediaga Elkarteak eskualdeko sortzaileen ikusgarritasunerako eta parte hartzea errazteko ekimena martxan ipini zuela. Urte guzti hauetan Mankomunitateak laguntza eskaini du.

Aurten ere, Gerediaga Elkartearen erakusmahaien ondoan izango du kokapena eta Gerediaga Elkartea arduratuko da kudeaketaz.

Guztira, 23 eragilek izango dituzte argitalpenak erakusmahai berezian. Eragileen artean daude udalak, elkarteak eta norbanakoak. Denen artean, 90 argitalpen ekarriko dituzte azokara eta horietako 10 nobedadeak dira, aurten argitaratutakoak. 

Nobedadeen zerrenda

EgileakIzenburua
Piedrafita, Alfredo; Bañeres, AlfonMandarina misio bat dut
Torres Bizkarra, ElaiaSustraidun umea
Torres Bizkarra, ElaiaLa niña con raíces
Sweet RageAbian (diskoa)
SilboberriSignature
Peru Magdalena eta Iraia OkinaDakota Txikiren muki bidaiaria
AnbotoDurangaldeko egutegia 2024
Arrizabalaga Salgado, Victor; Yamaguchi, TadanoriDenboraren aztarna = La huella del tiempo
Umerri eskola aktiboa2024ko egutegia: bertoko natura eta ahozko ondareari keinu bat
Javier Lana ZúñigaVigila el tiempo, zaindu eguraldia

 

Argazki zaharren egutegia 28.enez

Gerediaga Elkarteak, bestetik, nobedade moduan 2024ko egutegia eta Astola aldizkariaren 17. zenbakia izango ditu azokan. Urtez urte, dagoeneko argitaratzen duen 28. egutegia da. Egutegiaren kasuan ere, Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoa da babesle nagusia. Urtero legez, argazki zaharrak izango dira orriz orri eta egutegi berrian Ignacio Ansorenaren bildumakoak erakutsiko dira. Ansorenaren familiak Gerediaga Elkartearen esku utzi ditu Ignacioren bildumako argazkiak digitalizatu eta elkartearen dokumentategian erakusgai jartzeko. 2024ko egutegia bildumako argazkiekin jantzita, aitortza egin nahi zaio argazkilariak eskualdeko eta bereziki Durangoko historia grafikoa jasotzen egin duen lanari.