Alejandro Landabururen funtseko ehundik gora argazki dokumentategian ikusgai


2024/05/07


Webgune honetako "Dokumentategia" atalera joan eta bilaketa aurreratuan egin bilaketa dokumentu mota "Argazkiak" jarrita eta egilearen atalean "Landaburu Elgiazu, Alejandro". Momentuz fitxatuta ditugun elorrioko argazkilariaren funtseko irudi guztiak ikusgai izango dituzu.

2023an Alejandro Landabururen familiak dohaintzan Gerediagaren esku utzi zituen bere argazkiak, hainbat liburu eta hiru argazki kamera. Apurka-apurka jasotako materiala sailkatzen, digitalizatzen eta fitxatzen gabiltza. Bien bitartean, Elorrioko Udalarekin lankidetzan, funtsaren erakusgarri argazki erakusketa prestatu dugu Iturri Kultur Etxean eta maiatzaren 31ra arte egongo da zabalik. Alejandro Landaburuk Elorrio argazki kameratik zelan ikusten zuen erakusten dute argazkiek: paisaiak, familia, jaiak, herriko pertsonak dira.

Leku horietako askok itxura aldatu dute, batzuk desagertu egin dira, eta beste batzuk errez ezagutu daitezke Elorrion zehar ibilbidetxoa eginez. Denboraren joanari buruzko hausnarketa egiteko gonbidapena da erakusketa, izan ere, Landabururen argazkiek oroimen kolektiboa aldarrikatzeko balio dute.