Apirilaren 6ra arte Durangoren bonbardaketa gogoratzeko ekitaldiak izango dira


2017/03/17


Durangoko Udalak eta herriko hainbat elkartek 1937ko martxoaren 31n Durango bonbardatua izan zela gogoratzeko ekitaldiak antolatu dituzte. Gerediaga Elkarteak ere parte hartu du egitarauaren diseinuan argazki erakusketa bat, hitzaldia, oroimen ekitaldia eta bisita gidatuak antolatuz. Horrez gain, Udalak bonbardaketaren arduradunen kontra jartzeko asmoa duen kereilara begira ere ikerketa burutzen dabil.

80 urte beteko dira Durango bonbardatu zutela. Urteurren borobila aprobetxatuz, Durangoko Udalak "1937ko Martxoak 31" batzordea eratu du eta nahi izan duten herritarrak eta taldeak gonbidatu ditu parte hartzera. Orain 80 urte zer gertatu zen jakitea, hori zabaltzea eta memoria zein justizia berreskuratzea izango dira batzorde horren helburuak. Hasteko, 80. urteurrena gogoratzeko ekitaldiak antolatu dituzte elkarrekin eta egitarau oparoa diseinatu dute.

Gerediaga elkarteak ere parte hartzen du batzordean. Egitarauari dagokionez, hitzordu batzuk elkarteak berak antolatu eta koordinatuko ditu eta beste batzuetan gonbidatu modura parte hartuko du. Hona hemen gure parte hartzea:

  • Argazki erakusketa : “Irudi izoztuak vs izoztutako oroimenak” Andra Maria inguruan (Martxoaren 30etik apirilaren 30era)
  • Bonbardaketan hildakoei oroimen ekitaldia. Martxoaren 31n, Andra Maria elizpean, 20:00etan.
  • “Bonbardaketaren aztarnak” ibilbide gidatuak. Apirilaren 1ean eta 2an, goiz eta arratsaldez, euskaraz eta gazteleraz. Aurretik izena eman behar da, leku kopuru mugatua dagoelako.
  • Mahaingurua: memoria historikoa berreskuratzen dabiltzan taldeen helburu, ibilbide eta proiektuen aurkezpena. Apirilaren 6an, Durangoko Arte eta Historia Museoan, 18:30ean.

Ekitaldi ezberdinez aparte, Gerediaga Elkartea ikerketa berezia burutzen dabil. Durangoko Udalak Durangoko bonbardaketaren arduradunen kontrako kereila aurkezteko asmoa dauka. Kereila horren sostengu izango den ikerketa da hain zuzen ere elkarteko kideak burutzen ari diren ikerketa eta besteak beste Madrileko eta Erromako artxibo militarrak bisitatuko dituzte.