Astola aldizkariak 8 ikerketa berri argitaratu ditu 16. Zenbakian


2022/10/18


Durangaldeko historia, ondarea eta kultura gaiak argitaratzen dituen urtekariaren zenbaki berria dagoeneko eskualdeko ohiko saltokietan eskuragarri dago. Prezioa 5 eurotakoa da.

Durangaldeko ondarea ezagutzera emateko helburuarekin, Gerediaga Elkarteak Astola aldizkaria argitaratzen du urtero. Durangaldeko ikerlariek burututako azterlanei zabalkundea ematen diegu, eta bestetik, Durangaldeari eragiten dieten gaien gaineko lanak argitaratzen ditugu, arlo ezberdinetako profesional eta adituen kolaborazioari esker.
Honek dira 16. zenbakian landutako gaiak eta egileak:

Landa paisia baten eboluzioa (Ibaizabal Ibaiaren Goi-Arroa 1990-2020) – Adrian Brugada Ereño
Gerediaga Elkarteak Durangoko Amankomunazgoaren babesarekin lehenengoz 2022an egin den Ikerlari Gazteen Beka irabazi duen lana izan da. Ibaizabal ibaiaren goi-arroaren paisaiak hiru hamarkadan bizi izan duen eraldaketa eta hirigintza prozesua altzen dira. Egilea Durangoko geógrafo gaztea da.

Leopoldo Zugazari elkarrizketa – Juanan Hernandez
Astola aldizkarian zabaldu dugun leiho barria da. Elkarrizketa sakona egin dio Juanan Hernandez kazetari durangarrak 90 urte beteak izan arren, oraindik ekintzaile jarraitzen duen Leopoldo Zugazari. 50 urtetik gora eman ditu kultur proiektu askoren sustatzaile.

Kortak: herri-basoetako sail borobilen aztarnak Durangaldean – Iosu Etxezarraga Ortuondo
Durangaldean 50 inguru ezagutzen dira eta gehienak Anboto inguruan, Aramotz eta Legarmendiko tontorretatik ibaizabal erreka ertzera kokatzen dira. Badira ere Oiz mendiaren hego mazelatan beste batzuk. Iosu Etxezarraga Ortuondo historilari eta arkeologoak forma zirkularreko lursailen erabilera aztertu du.

Los Etxaburu y su torre – Juan Manuel Cembellin
Izurtzan dagoen dorre berezitik Erdi Aroan eskualdean leinu esanguratsua izan zen Etxaburutarrena. Gerlariak ziren, baina negozio-gizonak ere bai. Juan Manuel Cembellin historialariak Etxaburutarren gainean eta dorreari buruzko ikerketa lana egin du.

Iurretako harginak. Gure ofizio baten azken aztarnen bila – Markel Onaindia Txabarri
Santa Apolonia eta Gallandako harriaren kalitateari esker, harrobiko jarduera garrantzitsua garatu zen Iurretan. Hargin modura bi harrobietan lan egindakoekin berba egin du Markel Onaindia kazetariak eta euren istorioak bildu ditu.

Los lavaderos de Durango. Espacio público de la mujer y patrimonio olvidado – Nerea Gastón Tabera
Ikerketa honen egilea Durangoko udalak deituta "Durango Sor(tzaileen)Leku" bekaren irabazleetako bat izan da. Latsarri publikoak antzinako adierazpen kultural eta historiko garrantzitsuenetako bat izateaz gainera, aldi berean, emakumeen bilgune eta soziabilitate gune nagusiak ere izan direla azpimarratzen du.

Durango, Martxoak 31 – Jimi Jimenez
Gerediaga Elkarteak eta Durango 1936 Kultura Elkarteak, Durangoko Udalaren laguntzarekin, 1937ko martxoaren 31ko bonbardaketan kanposantuan ehortzitako biktimak identifikatzeko ikerketa burutu dute. Ikerketa Jimi Jimenez historialariak egin du eta lan honetan jarraitutako pausuak eta ondorio nagusiak azaltzen ditu.

Durangaldeko paisaia zoragarriaren azpitik – Arturo Apraiz
Durangaldea itsas arrezifea izan zan orain dala miloika urte. Hala ere, oraindik altxor geologiko handia gordetzen du haran berde eta haitzen edertasunaren azpian. Hori bistaratzeko lana argitaratzen du Euskal Herriko Unibertsitateko geologia saileko irakasleak.

Laburrean: Jon Irazabal Agirre, Juan Carlos Lopez Quintana (Agiri arkeologia elkartea), Belen Bengoetxea eta Ander Berrojalbiz
- “Ihurreta” 950 urteko elizatearen lehen aipamen dokumentala
- Bizkaiko Pirinioetako lehen cromlechak Oiz mendian
- Otxandioko plaza nagusiko indusketak
- Domna Leguncia Esceberriensis durangarra: historia eta legendak uztartuta


Saltokiak
Atxondo (Amillena), Abadiño (Petite eta Arrinda), Berriz (Etxebarria estankoa), Durango (Etxebarria, Urrike, Hitz, Arteka, Ikerfer, Marpa, Gozo Txori, Durangoko Museoa), Elorrio (Ilargi), Iurreta (Iurretakopi)

 

Bazkideek doan ale bat

Gerediaga Elkarteko bazkideek Astola aldizkariaren ale bat doan jasotzeko aukera daukate. Durangoko Azokan bertan, Gerediaga Elkartearen erakusmahaian, 2023ko egutegiarekin batera eskuratu ahal izango dute, eta azoka aurretik, elkarteko bulegoan (Durangoko Larrasoloetan kaleko 3. zenbakian)