Beñat Gaztelurrutia abadiñarra izango da Gerediaga Elkarteko kudeatzailea berria


2021/06/07


Arantza Atutxak utzitako lekua beteko du aurrerantzean Beñat Gaztelurrutia abadiñarrak. Herri mugimenduari eta euskalgintzari lotuta egin du bere ibilbide profesionala eta proiektuak kudeatzen eta lan-taldeak koordinatzen esperientzia zabala dauka.

Azpimarratzekoa da Plateruena Kafe Antzokiko zuzendari izan zela 2002tik 2015era. Gerediaga Elkartearekin eta bereziki Durangoko Azokarekin harreman estua izan du aipatutako lanetan ibilita. Gerediaga Elkarteko bazkidea ere bada. Azken bi urteak Elhuyar Aholkularitzan izan da euskara teknikari.

Asteburuan, Durangoko Frai Juan de Zumarraga institutuan egin den elkarteko Batzar Nagusian egin da aurkezpena. Horrez gain, Zuzendaritza Batzarde berrituan presidente, idazkari eta diruzain karguetan  Nerea Mujikak, Asun Elorriagak eta Belen Bengoetxeak hurrenez hurren beste bi urtez jarraituko dutela ere berretsi da.