Bonbardaketari buruzko 85 jakingarri argitaratuko ditu Gerediaga Elkarteak


2022/02/28


Durangoko Udalak, herriko hainbat elkarterekin elkarlanean, Martxoaren 31ko bonbardaketa gogoratzeko ekitaldien egitaraua aurkeztu du. Gerediaga Elkarteak, urtero lez, egitarauan hainbat ekarpen eginda parte hartu du ekimenean. Nobedade modura, elkarteko sare sozialetan, bonbardaketa garaiko hainbat jakingarri argitaratuko ditu, eguneroko pildora formatuan.

Martxoaren 1etik aurrera, Gerediaga Elkarteak prestatuko dituen lehen jakingarrien argitaratzearekin batera, hasiko da Durangoko bonbardaketa gogoratzeko ekitaldien egitaraua. Irailera bitartean, herriko elkarte eta talde ezberdinen ekarpenekin ekintza interesgarri ugari izango da.

Gerediaga Elkarteari dagokionez, lau dira nagusiki antolatuko ditugun ekitaldiak:

1. 85 urte - 85 jakingarri

Batetik, Durangoko bonbardaketa aurretik egoera politikoa edota bizimodua zelangoa zen erakutsiko dute jakingarriek. Durangoko bonbardaketaren, ekintza beraren gaineko detailek gogoratzeko balioko dute. Eta, bonbardaketak utzitako ondorioei ere erreparatuko diete.

2. Martxoak 30: liburu aurkezpena

Jon Irazabal Gerediaga Elkarteko bazkideak, azken urteetako ikerketen ondorioz ezagutu diren datu berriak bildu ditu eta horiek argitalpen berri baten jasota geratu dira. "Durango, 1937ko Martxoaren 31, Bonbardaketa" izenburua izango du liburuak

3. Martxoak 31: oroimen ekitaldia

Gerediaga Elkarteak Kriskitin dantza taldearen laguntzarekin, bonbardaketak hildakoei egiten zaien oroimen ekitaldia prestatuko dute.

4. Irailaren 21 eta 25ean

1936ko irailaren 25ean gertatu zen lehen bonbardaketa Durangon. Ezkurdin, pilotan jokatzen zebiltzan 15 errefuxiatu hil ziren. Gertakari horrek ostean ekarritako beste hainbat gertakari argitzeko ahalegina egingo dute Gerediaga Elkarteak eta Durango 1936 Kultur Elkarteak. Mahainguru bat eta oroimen ekitaldi bat egingo dira.

 

Udalak aurkeztutako EGITARAU OSOA loturan deskargatu