Bonbardaketen egileen kontrako kereila berretsiko dugu
2017/09/29
1937ko martxoaren 31an, apirilaren 2an eta apirilaren 4an Durangok jasan zituen bonbardaketen eta metrailaketen egileen aurkako kereila berretsiko dugu, datorren asteartean, urriaren 3an.
Aurretik, goizeko 11:50tan, Ezkurdi plazan, bonbardaketetako biktimak oroitzeko kontzentrazioa egingo da. Bertan, Gerra Zibileko biktimak omentzeko 10 minutuko elkarretaratzea egingo da. Ekitaldian parte hartzeko deia zabala egiten dugu “1937ko martxoaren 31” izeneko batzordea osatzen dugun eragile guztiok.
Pasa den uztailaren 20an, Durangoko Lehen Auzialdiko eta Instruzioko 3. Epaitegiak tramitera onartu zuen Durangoko Udalbatzarrak, “1937ko Martxoaren 31ko Batzordearen” izenean, hiriak jasan zituen bonbardaketen eta metrailaketen egileen aurka jarritako kereila.
Bi egun arinago, uztailaren 18an jarri zuen kereila Durangoko Udalbatzarrak, 300 hildako baino gehiago eragin zituzten bonbardaketak eta metrailaketak gauzatu zituzten 46 abiadore italiarren aurka, ekintzok gizateriaren aurkako krimentzat jota. Kereila tramitera onartzeak salatutako ekintza kriminalen ikerketa judizialari bidea irekitzea suposatu zuen, eta hauxe izan da “1937ko Martxoaren 31ko Batzordearen” helburu nagusietako bat.
Durango Uriak, 1937ko martxoaren 31tik apirilaren 4ra, Italiako Aviazzione Legionariak eragindako bonbardaketak jasan zituen. Durangon ez zegoen gerra-fronterik. Bonbardaketaren helburu nagusia izan zen izua hedatzea herritarren artean: 300etik gora hildako, ehundaka zauritu, hamaika etxe eta eraikin birrinduta edo kaltetuta eta herritar guztiak ikaratuta utzi zuten. Zalantzarik gabe, ekintza hori GIZATERIAREN AURKAKO KRIMENA izan zen, preskribitzen ez denetakoa.
Ahalegin handiak egin badira ere Italiako Estatuak bere erantzukizuna onartu dezan Durangoko herritarren kontra egindako bonbardaketen inguruan, eta biktimei, familiarrei eta Durango herriari barkamena eskatu diezaietela eskatu bazaie ere, oraindik ez dugu inongo erantzunik jaso herritarren aurka egindako delitu larri hauen inguruan.