Bost proposamen urrian Durangaldeko ondarea ezagutzeko


2021/09/16


Ondarearen Europako Jardunaldietara begira, Durangaldeko bost udalerrirekin diseinatutako egitaraua prestatu du Gerediaga Elkarteak. Garai, Zaldibar, Berriz, Mañaria eta Iurretan antolatuko dira ekitaldiak.
Izena ematea doakoa da, baina leku kopuru mugatua izango denez, aldez aurretik izena eman behar da ejardunaldiak@gmail.com helbide elektronikora idatzita edo 673005981 telefono zenbakira deituta.

Hau da labur egitaraua:

GARAI: Urriak 2-3 -30
Argazki bilketa eta erakusketa
Garaitarrei dei zabala egingo diegu herriko bizimodu, ohitura eta lekuen argazki zaharrak batuz gero erakusketa baten erakusteko. Argazkiak digitalizatu egingo ditugu.
Bilketa: Urriak 2 eta 3 Kultur Etxean (11:00-14:00 eta 17:00-19:30 - igandean goizez bakarrik)
Erakusketa: Urriare 30ean, Elizabarrin, 18:00etan.

MAÑARIA - Urriak 16 - 11:00
Angurreta harrobian bisita gidatua eta kontzertua
Victor Arrizabalaga artistak proiektu artistikoa garatzen dabil harrobian. Geologo baten laguntzarekin eta artistaren azalpenekin natur ondarea kultur ondare bihurtzeko asmoa ezagutzeko aukera izango da.4kote taldearen kontzertu laburra ere izango da.
Oharra: Elkargunea Mañariko plazan da. Harrobira oinez joango gara, aldapa luzean gora trafiko gutxi duen errepide asfaltatu batetik gora


IURRETA - Urriak 16 -17
Eraskusketa eta hitzaldia
Auzo eskolen gaineko historia ezagutzeko erakusketa eta hitzaldia.
Horrekin batera, Iurretako Goiuria ikastolari buruz egiten dabiltza ikerketa lanaren aurkezpen laburra ere izango da.
Erakusketa: Askondo karpan, larunbata 17:00-19:00 eta igandea 11:00-14:00
Hitzaldia: Askondo karpan, igandean, 12:00etan.

ZALDIBAR - Urriak 22 - 18:00
Hitzaldia
Zaldibarko ospitaleko kaperako hormetan Juan de Aranoa margolariaren lana dago. Lan ezezaguna eta ikusezina ere bai. Astolaren zenbaki berrian ezagutzera emango dugu, eta jardunaldietan zaldibartarrek herrien duten altxorra ezagutuko dute aldizkarirako ikerketa lana idatzi dutenen eskutik.
Lekua: liburutegi zaharrean, udaletxe atzean

BERRIZ - Urriak 23 - 18:00
Kontzertua
San Joan Bautista parrokiako organoak 100 urte betetzen ditu. Myriam Cepeda organojoleak eta Luis Alberto Requejo klarinetajoleak kontzertua eskainiko dute.
Lekua: San Juan Bautista elizan