Durangaldeko Ikerlari gazteentzat deialdi berria zabaldu dugu
2022/11/02
Eskualdeko ondarea, historia, kultura eta gizartearen zaintza, ikerketa eta zabalpenarekiko zaletasuna gazteen artean bultzatzeko helburua du ekimenak. Lanak 2023ko apirilaren 17rako aurkeztu behar dira.
Gerediaga Elkartetik Durangaldeko ondarea, historia, kultura eta gizartearen zaintza, ikerketa eta zabalpenarekiko zaletasuna eskualdeko gazteen artean bultzatzeko helburuarekin sortu genuen udaberrian Durangaldeko Ikerlari Berrien Saria. Orain, bigarren deialdia abian jarri dugu.
Euskarazko ikerketa eta dibulgazio lanak sustatu eta ezagutzera emango dira, bi kategoriatan: 18 urtera artekoak eta 19-35 urte bitarteko gazteak.
Ikerketa gaia edo arloa Durangaldean kokatutakoa izan behar da. Beraz, edozein jakintza-arlotako ikerketa, sormen edo dibulgazio lana izan daiteke: historia, gizartea, kultura, hizkuntza, ekonomia, ondarea, lurraldea, turismoa, musika... Lana euskara hutsean aurkeztu behar da, jatorrizko lana eta lau formatutan aurkeztu ahal izango da: artikulua, poster akademikoa, ikus-entzunezkoa edo podcasta.
Bakarkako lana edo talde lana izan daiteke. Eskatzailea Durangaldean bizi edo ikastea ezinbesteko baldintza izango da, eta talde lana bada, taldeko kide batek gutxienez bete beharko du baldintza.
Apirilaren 17ra arte egongo da lanak aurkezteko epea. Epaimahaia, Iruri Altzerreka Martinez zuzenbidea ikaslea, Helene Sanchez Zelaia bioteknologian graduatua eta Liher Larrañaga Gabiria ikus-entzunezko komunikazioa ikasitako gazteek osatuko dute.
Egitasmo berri honek ere Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoaren babesa jasoko du.
Lehen deialdiko irabazleak
Peio Martin Estevez ( Zornotza, 17 urte) - “Elkarrizketa amamarekin”
Andaluziatik Euskal Herrira bizitzen etorritako amamaren bizipenak jasotzen dituen ikus-entzunezko laburra da. Gerediagako youtube kanalean dago ikusgai: https://labur.eus/ElkarrizketaAmamarekin
Ibone Gomez Tamayo (Zaldibar,18 urte) - “Euskal bidaiariak”
Durangaldeko herri ezberdinetatik bidaia egitea proposatzen du ikus-entzunezkoak, eta herri bakoitzeko leku esanguratsuenak aurkezten ditu. Gerediagako youtube kanalean dago ikusgai: https://labur.eus/EuskalBidaiariak
Adrian Burgada Ereño (Durango, 29 urte) - “Ibaizabal ibaia”
Ibaizabal ibaiaren Goi-Arroko landa-paisaiaren bilakaera aztertzen du idatzizko ikerketa-lanak. Horretarako, Europako Corine Land Cover programa, Euskadiko Baso Inbentarioak eta PNOA programak aurkeztutako kartografia aztertu eta galera-mailaren hurbilketa kuantitatiboa zehaztu du.
Gerediaga Elkarteak, argitaratu berri duen ASTOLA urtekariaren 16. zenbakian ikerketaren laburpen bat argitaratu dugu.
Deialdiaren oinarriak PDF dokumentaun DESKARGATU