Durangaldeko sortzaileek doan parte hartu dezakete Durangoko Azokan


2024/10/08


Durangoko Azokan parte hartzeko izena ematea itxita badago ere, Durangaldeko sortzaileek oraindik aukera daukate, doan, “Durangaldeko argitalpenak” erakusmahaian izena emateko.

Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoaren babesarekin, Durangoko Azokan Gerediaga Elkarteak Durangaldeko argitalpenentzat erakusmahai bi atontzen ditu. Bertan, eskualdeko sortzaileek euren lanak erakusgai edo salgai jartzeko aukera daukate ezelango gainkostu gabe.

Stand komun honetan, helbide fiskala Durangaldeko udalerriren batean duten sortzaileek, enpresek (argitaletxeek, disko etxeek, ekoizpen enpresek, banatzaileek), elkarteek edo erakunde ofizialen edo beste erakunde batzuen argitalpen zerbitzuek hartu ahal izango dute parte, eta https://durangokoazoka.eus/media/1516/download/AraudiaDA_2024.pdf?v=1&inline=1https://durangokoazoka.eus/media/1516/download/AraudiaDA_2024.pdf?v=1&inline=1 bete behar du lanak.

Azokara dakarren lana urtekoa bada, nobedadeen katalogorako fitxa bete beharko du. Gainera, beste edozein partaidek bezala, erakusmahaian sinatzen egoteko aukera izango du eta azokaren gune ezberdinetan bere lanaren aurkezpena ere proposatu ahalko du.

Bere partehartzea doakoa izango da eta salmenten %100 eskuratuko du azoka amaitzean.