Durangoko bonbardaketaren ikerketa historikoan nobedadeak


2017/03/30


Durangoko Udalak bonbardaketen erantzuleen kontra jarriko duen auzi-jartzea babesteko Gerediaga Elkarteari ikerketa historikoa agindu dio. Jon Irazabal ibili da elkartearen izenean 1984.urtetik Durangoko bonbardaketari eta Durangaldeko gerra zibilari buruz ikertzen eta bera izan da udalaren enkarguari erantzuteko egin diren lanen koordinatzailea.


Martxoan ikerketako daturik garrantzitsuenak jasotzeko bi artxibo bisitatu dira:

  • Archivo General e Histórico del Aire (Villaviciosa de Odon – Madrid)
  • Archivio Stato Maggioren Aeronautica Militare Italiana (Erroma)


Aipatutako bi artxibo horietan Espainiako gerra zibileko abiazio-dokumentuak daude. 1984tik hiruzpalau aldiz bisitatu dira artxiboak ikerketarako datu interesgarriak jasota. Oraingo bidaian ere, auzi-jartzeari begira garrantzia handiko dokumentazioa aurkitu da. Bi izan dira ikerketari datu berriak ekarri dizkioten artxibo multzoak:

  • Bonbardaketan parte hartu zuten eskuadrilen egunerokoak
  • Eskuadrila hauek burutu zituzten ekintzen liburu teknikoak.


Gerediaga Elkarteak burutu duen ikerketa historikoak hiru ekarpen nagusi egiten dizkio auzi-jartzeari:

  • Bonbardaketan parte hartu zuten pilotuen identifikazioa.
  • Bonbardaketa plafinikatu zutenen identifikazioa.
  • Durangoko bonbardaketa helburu militarrekin ez zela egin frogatzen duen lekukotza.


Artxiboetan aurkitutako informazioek – batez ere Erroman – datu berriak gehitzen dituzte orain arte Gerediaga Elkarteak egindako ikerketara. Esaterako, bonbardaketen xehetasunei dagokionez :

  1. Goizeko eta arratsaldeko bonbardaketetan erabilitako materiala zein den argitu da. Horri esker, ziurtatu da Durangoko bonbardaketan ere bonba su-eragileak erabili zirela.
  2. Bonbardaketetan parte hartu zuten hegazkin bonbaketariak hiru izan zirela baieztatu ahal izan da. Laugarren bat prest zegoen, baina arazo mekanikoak izan zituen eta Soriako base militarrera bueltatu zen.
  3. Durangoko bonbardaketetan parte hartu zuten Italiako militarren izenak. Espainiako gerra zibilean italiarrek ez zuten parte hartu “ofizialki”. Horregaitik, beste izen bat hartzen zuten. Aurkitutako dokumentuetan, kasu gehienetan, jatorrizko izena eta Espainian erabiltzen zutena aurkitu dira.

 

Argazkiak: Savoia 81 hegazkin bonbaketarietako eta ehiza hegazkinetako pilotuen erregistroen dokumentuak Erromako artxiboan digitalizatuta.

Aberatsak izan dira artxiboetara egindako bisitak. Hala ere, bada aurkitu ezin izan den informazioa: 213 eskuadrilari dagokion egunerokoa. 1937ko martxoaren 31ko arratsaldean Durangoko tren-azpiegitura bonbardatzeaz arduratu zen eskuadrila da. Baina, eskuadrila honi dagokion egunerokoa ez da aurkitu. Beraz, ez dago jakiterik nortzuek osatua zen eta erabilitako materialaren xehetasunak.