Elkartearen dokumentategia erakutsiko dugu maiatzaren 10ean
2025/05/08

HITZORDUA: Maiatzaren 10ean, larunbata, eguerdiko 12:00etan, Durangoko Madalena ermitan.
Gerediaga Elkarteak beste urte batez parte hartuko du Durangoko Udalak antolatzen duen Plazara! Ekimenean. Oraingoan, elkarteak bere webgunean atondu eta erabilgarri jarri duen Dokumentategia zabalduko du. Gaur egun elkarteak gordeta dituen eskuizkribu, liburu, aldizkari eta argazkiak maileguan hartzeko aukera ere badago.
Dokumentategian bilaketak nola egin daitezkeen azalpen praktiko baten ostean, 2024 urtean digitalizatutako funtsetako baten argazkiak erakutsiko dira lehenengoz: Karlos Merino Martinez argazkilari durangarrarenak. Gainera, Durangoko lekurik esanguratsuenetako baten izango da ekitaldia: Madalenako ermita. Urtearen zati handi baten itxita egoten da eta ekitaldia bertan antolatuta, Gerediaga Elkartetik ermita kultur ekitaldi txikietarako erabilera eman nahi diogu.
Karlos Merinoren familiak Gerediaga Elkartean utzi ditu bere argazkiak. Paperezko kopiak, diapositibak eta negatiboak dira. Durangoko Alde Zaharreko argazkiak nabarmentzen dira, baina durangarrak, Durangoko jaiak, Durangon antolatzen ziren kirol ekitaldiak ere osatzen dute funtsa. Karlos Merino mendizalea zen eta Durangaldeko mendien argazkiak eta familia argazkiak ere azpimarratzekoak dira.
Karlos Merino Martinez
2023ko martxoaren 18an hil zen Karlos Merino Martinez. 60ko eta 70eko harmarkadetako Durangoko egunerokoa isladatu zuen zuri-beltzezko argazkietan: paisaiak, durangarrak, jaiak , kaleko bizitza eta kirol ekitaldiak.
Bastidan jaio zen, 1935ean, eta gaztetan heldu zen Durangora. 21 urterekin argazkigintzan interesatu zen. Ezkondu eta gero, tailer bat zabaldu zuen etxean argazkilari lanari ekin ahal izateko. Denda ere zabaldu zuen Ermodo kalean 1968an. Urte gutxi egon zen zabalik. 1973an itxi eta itsasora lanean joan zen eta itsasoan ere argazkiak ateratzen jarraitu zuen. Durangora bueltatzen zenean, Zornotzako Argazkari argazki dendakoentzat ezkontza-argazkilari modura lanean jarraitu zuen.